2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

NORA GOAZ: HEZKIDETZA EDO ESKOLA EZ-SEXISTA

Aurreko sarreran aztertu bezala, gaur eguneko berdintasun arazoei (emakumeen soldata eta status baxuak, estereotipoak, sexismoa, matxismoa, genero indarkeria …) aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da hezkidetza eskoletan sartzea. Baina, zer da hezkidetza? Wikipediaren arabera “Hezkidetza, baterako hezkuntza edo koedukazioa, pertsonak bere berezitasunen arabera, generotik at egiten den hezkuntza da. Hau da, irizpide sexistei jarraiki gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe heztea da.”

Hezkidetzak gure arteko ezberdintasun nagusienak kulturalak eta ez biologikoak direla sinesten du. Izan ere, Margaret Mead antropologoak aztertu bezala, emakume eta gizonei atxikitako gaitasunak garai batetik bestera eta gizartearen arabera aldatzen baitira. Ezberdintasun horiek bereizteko sexu eta genero kontzeptuak sortu dira. Lehenengoak norbanakoaren  organo genitalei eta erreprodukzio funtzioari  egiten dio erreferentzia eta bigarrena jaiotzetik sexu bakoitzerako bereizitako arau sozialen multzoa da, norbanakoaren jokabidea baldintzatzen duena. Sexua ezaugarri biologiko eta genetikoen araberakoa da, generoa berriz, pertsona bakoitzak jaiotako leku eta momentuaren araberakoa. Beraz, emakume eta gizonen rolak aldakorrak dira, nahiz eta tradizionalki gizarte patriarkaletan femeninoa maskulinoaren menpe egon den.

Hierarkizazio edo desberdintasun kultural hauek sexismoaren bidez ezarri dira. Herrialde garatuetan sexismoa alboratu dela sinestarazi den arren, oraindik ere eragin handia du gizartean. Arazoa zera da; jadanik hezkuntza legeak neska eta mutilen artean bereizketarik egiten ez dituen eta modu honetan berdintasun formala lortu den arren, errealitatean ez gara benetako berdintasun batera ailegatu. Hau da, eguneroko harreman sozialetan “arruntak” diren jarrera diskriminatzaileak onartuak daude, gizartean indartsuki errotutako praktika eta ideologia sozialaren parte direlako.  Hori dela eta, egungo koedukazioaren helburu nagusia Curriculum ezkutuaren bidez modu ez formalean transmititzen diren diskriminaziozko elementu horien desagerpena da. Horretarako, eskolan oraindik ematen diren sexismo motak identifikatzeko bost arlo aztertu dira:


  •  Emakumeen posizioa irakasle gisa: hezkuntza arloan emakume asko lan egiten duten arren, haien estatusa gizonena baino baxuagoa izan ohi da. Ikasleen adina eta eskola zikloko prestigioa gora egin ahala, andereinoen proportzioa behera egiten du. Diskriminazio honi aurre egiteko, emakumeen promozioa bultzatzen duen politika ezarri behar da. Orden sexista honek ikasleengan ere eragin negatiboa du, egitura honen bidez, emakumearen menpeko posizioa “normala” dela indartzen baita.


  •  Zientziaren androzentrismoa: Umeei transmitituriko ezagutza analizatzean, hiru gauzaz ohartzen gara: emakumeak eginiko ekarpen kulturalei buruz ia ez direla aipamenik egiten; emakumeentzako interesgarriak izan ahal diren gaiak ez direla ia jorratzen eta askotan emakumeei buruzko aurreiritziak baieztatzen direla. Ondorioz, mutilak gizonengan hainbat eredu aurki ditzaketen bitartean, neskak ez dituzte emakume boteretsu eta jakintsuen erreferentzia  askorik. Gainera, aurretik neskei soilik irakatsitako ezagutzen (etxearen mantenimenduari eta umeen zainketari buruzkoak) desbalorizazioa gertatu da eta jadanik ez dira eskolan ikasten. Baina gizon eta emakumeak etxeko lanak modu berdintsuan banatu ditzaten, horiek txikitatik ikastea ezinbestekoa da. Horretaz gain, irakasleek aurreiritziak dituzte umeen gaitasunei buruz, neskak lengoaian eta mutilak matematiketan onak izango direla uste baitute eta espektatiba ezberdin horiek ikasleen artean emaitza ezberdinak ere eragiten dituzte (Pigmaleon efektua).


  •   Lengoaiaren androzentrismoa: gazteleraz lengoaiaren erabilpen sexista egiten da, adibidez, bi sexuko pertsonak dauden taldea aipatzeko edo lanbide prestigiosoak izendatzeko genero maskulinoa erabiltzen denean. Honi esker, identitate femeninoko pertsonen presentzia disimulatzen da. Lexikoan ere kontzeptu sexista asko aurki ditzakegu, modu honetan, termino bat konnotazio negatiboa du forma femeninoan eta positiboa maskulinoan. Gazteleraren %80-ko zama sexistaren aurrean, euskararena %5-ekoa da soilik. Amaia Alvarez Uriak ikerlariak adierazi bezala “Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre)”. Horretaz gain, Linda Whitek “genero kutsadura” deitzen duena ere gertatzen da euskaraz; izen neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea)


  • Testu liburuak eta haurrentzako ipuinak: hezkuntzan erabilitako liburuetan ilustrazio gehienak gizonenak dira eta emakumeen lanbideak agertzean haien rol tradizionalei egiten diete erreferentzia. Irudi horiek umeen ereduak ezarri eta estereotipoak bermatzen dituzte, horregatik dira sexismoaren eragile hain garrantzitsuak.

  • Eskolako interakzioa: Eskolak, ezagutzak transmititzeaz gain, irakasle eta ikasleen arteko harremanen bidez  jokabide eta erlazio ereduak ere ezartzen ditu, umearen nortasunean eta autoestiman eragin handia dutenak. Hainbat ikerketa erakutsi bezala, harreman horiek askotan sexismoa azaleratzen dute, hala nola, irakasleek arreta gehiago zuzentzen dietelako mutilei. Zergatik gertatzen da hau? Batzuen arabera mutilen jokabidea kontrolatzeko zailagoa delako edota neskak gehiago distraitzen direlako. Beste batzuen arabera, sistema produktiboak gizonei atxikitako baloreen (agresibitatea, lehia…) transmisioari ematen dion garrantzia da bereizketa honen arrazoi nagusia, izan ere balore femeninoak alde batera utzi izan dira. Horretaz gain, umeei diziplina eta ondo portatzea irakasten zaien arren, mutil batek arauak haustean positiboki baloratzen da (nahiz eta esplizituki ez den esaten eta hura zigortzen den) izaera aktibo eta sendo baten erreflexu delako. Neskak ondo portatzen direnean, aldiz, mantsotasun eta pertsonalitate faltaren seinale gisa hartzen da eta txarto portatzen direnean zorrotzago zigortzen zaie. Beraz, mutilek egiten duten guztia gehiago baloratzen da, nahiz eta nesken jokabidea gehienetan hezkuntza sistemak ofizialki ezarritakoarekin bat egiten duen. Nola erantzuten diete neskak diskriminazio honi? Haien jokabide pasiboa areagotzen da eta rol sekundarioa hartzen dute, gehiago ikasiz eta nota hobeagoak lortuz; arau hausteak ez dielako abantailarik suposatzen. Hortaz, bereizketa sexistak ez du nesken emaitza akademikoetan eragin negatiborik, bai ordea haien ibilbide profesionalean edo arlo publikoan, non zalantzatiagoak izango diren.


Hortaz, eskola mistoak ez du genero berdintasuna lortu, emakumeak gizonen munduan sartzea soilik saiatu delako, balore maskulinoak gailenduz. Koedukazioa ez da zentro bera konpartitzera mugatu behar, eskola ez sexista eraiki behar du. Horretarako, orain arte debaluaturiko ezagutza, gaitasun eta jarrera “femeninoak” bultzatu behar dira,  neskeei “mutilen” lanbidetan sartzera motibatu behar diegu, eta emakumeek haien buruarengan duten konfiantza sendotu, arlo publikoan parte hartze gehiago izan dezaten. Aurreko bost puntuekin erlazionaturiko bestelako neurri batzuk hauek izan ahal dira: emakumeen ekarpenak erakusten dituzten liburuak edota materialak erabili; zientzia eta teknologia ikuspegi sozialetik baloratzeko programak martxan jarri, emakumeek lanbide horiek hautatu ditzaten; eskolan osasuna, sexualitatea, etxeko eginkizunak eta harreman afektiboekin erlazionaturiko ezagutzak lantzea; eta zentroak profesionalen artean emakumeak kontuan hartuak izatera bultzatu.

Posiblea da hezkuntzan aldaketa hau burutzea? Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizartean oso errotuak dauden hainbat estereotipo eta jarrera diskriminatzaileak eragin ditu. Horien desagerpena gizartearen eraldaketa prozesu sakonaren ondorioz soilik emango da eta transformazio hura eskolatik hasi behar da, horretarako, eskolan umeei pentsamendu zein jokabide sexistak detektatzen eta zuzentzen lagundu behar zaielarik. Hezkuntzak ezin ditu desberdintasunak ezabatu, baina horiek murriztu ditzake eta berdintasuna lortzeko ezinbesteko elementua da.

Hona hemen hezkidetza bere Curriculumean integratu duen ikastetxe bat:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina