2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

INGURUAREN ERAGIN SEXISTAK (III): IPUINAK ETA JOSTAILUAK

Sarrera honetan haurrei zuzenean bideratutako produktuak aztertuko ditut, musika eta telebistan agertutako edukietan ez bezala, hauetan bai daukagula errespontsabilitatea; gu geuk (familiak, eskolak, helduek) eskaintzen dizkiogulako. Horregatik da hain garrantzitsua hautaketa egokia egitea, hasieratik alboratu beharreko produktuak zein haien ezaugarri sexistak identifikatuz.

IPUINAK

Ipuinek, eta batez ere ipuin tradizionalek, gizartearen araberako balio, arau edota ikasketak transmititzen dizkigute. Haurrarentzat informazio iturri oso garrantzitsuak dira haren mundua nola funtzionatzen duen ulertzeko, beraz oso egokiak dira haien errealitatera hurbiltzeko. Zentzua ez duena zera da, gaur eguneko gizartean, non sexu bereizketarik onartzerik ez dagoen, balio sexista indartsuak transmititzen dituzten ipuinak irakurtzen jarraitzea. “Betiko” istorio horien artean Edurne Zuri, Errauzkine … bezalako ipuin ezagunak aurkitzen dira. Horiek guztiak gauza bat  daukate komunean: emakume eta gizonen irudi sexista. Emakumeak izaki ahul eta menpekoa bezala agertzen diren bitartean, gizonak indartsuak eta goi mailakoak dira. Pertsonaien ohiko ezaugarritzea hau da:

  • Emakumea: ahula, otzana, eta gizonen menpekoa. Haren bizitza etxean ematen du gehienbat, etxeko lanak eginez eta besteak zainduz. Ameslaria, sentibera, erromantikoa eta inozoa da; bere xede nagusia ezkontzea denez, printzepe salbatzailearen zain geratuko da. Protagonistak beti dira ederrak, gozoak eta onak. Antagonistak, aldiz, beti dira zorgin itsusi, zahar, bakarti eta gaixtoak, baina inoiz ez dira haren ezaugarri positiboak nabarmentzen, esate baterako, emakume autonomoak dira, ikertzaileak,  haien bizitzaren jabe dira eta anbizio handiko erabakiak hartzen dituzte. Are gehiago, emakume eder bat gaixtoa bada, amaieran bakarrik edo zaharkiturik agertuko dira, zahartzaroa emakumeari gertatu ahal zaion gauzarik traketsena balitz bezala! Emakume eder baina bihurriek, Txano-gorritxo bezala, adibidez, zigor latza jaso edo arriskuren bat biziko dute, emakumeak otzanak izan eta arauak errespetatu behar dituztelako.
  • Gizona: Heroi ausarta, indartsua, azkarra eta independentea da, abentura zoragarriak bizi eta haren helburu guztiak betetzen ditu, botere handia lortuz. Emakume gazte eta ederren printzepe urdina bilakatzen da,  arriskuetatik salbatu eta seduzitzen dituelarik. Estereotipo honek ez ditu gizon sentibera, ahul, erromantiko edo lotsatirik onartzen.



Ez al da kaltegarria umeentzat ipuin hauek irakurtzea gizarte justu eta berdintsuagoa eraiki nahi badugu? Bai, bada; txikitatik neska eta mutilen jolas berezituei soilik erreparatu behar da. Zorionez badaude bestelako istorioak, genero estereotipoekin apurtu eta sexu bientzako balio komunetan heztea helburu dutenak. Ipuin koedukatiboez ari gara. Horietan pertsonaien rol tradizionalak desagertu eta munduari buruzko ikuspegi zabalagoa eskaintzen da, kulturartekotasuna eta banakoarekiko errespetua bezalako kontzeptuak agertzen direlarik. Batez ere, haien artean eta inguruarekin bat armonian bizitzen ikasi dezaten nabarmentzen da. Horren adibide gisa ipuin hau uzten dizuet, "Cuentos para antes de despertar" bildumako "Koloreak":



Zer gertatuko litzateke umeei halako baliabideak emango bagenizkioke? Haien begiak zabaldu behar ditugu, hedabideetan eta haien eguneroko bizitzan ikusten dituzten elementu sexistak irizpide kritikoz aztertu eta baztertu ahal izateko. Hurrengo estekan hezkidetzarako ipuin gehiago gomendatzen dira:

https://porteonatural.wordpress.com/2015/06/06/22-cuentos-para-coeducar/


JOSTAILUAK

Umeei zuzenean bideraturiko produktu hauek genero ikuspuntutik bereziki arriskutsuak izan daitezke. Izan ere, jolasaren bidez umeak errealitatearekin lehenengo kontaktua izaten du, inguruak helarazitako balioak, sinesmenak, itxaropenak … barneratuz. Elementu guzti hauek eragin izugarria daukate pertsonaren garapen pertsonal eta kognitiboan. Horregatik, haurrari jolas mota jakinera mugatzeak haren gaitasunak ere murriztea ekarriko du.

Sergi Fabruega psikologoak adiera eman bezala, jostailuetan bereizketa sexista egoten da oraindik ere eta horrek haien garapenean ere bereizketa ekarriko du. Badirudi arlo horretan ez dugula gehiegirik aurreratu, izan ere, jostailu denda batera sartzean argi eta garbi ikusten da estereotipoen barrera oraindik ez dugula gainditu: alde batean, zonalde arrosa; panpinak, jostailuzko sukaldeak, printzesa mozorroak … eta bestean zonalde urdina; autoak, eraikuntza jolasak, pistolak … Horiek guztiak neskak eta mutilak nolakoak izan behar direnari buruz mezu argia islatzen dute eta umeek 4-5 urtetik aurrera guztiz barneratu dituzte, haien interesak eta gustuak baldintzatzen dituztelarik.

Zorionez, badaude Kantabriako Gobernuko Emakumearen Zuzendaritza Orokorretik ailegaturiko proposamenak bezalako alternatibak, pertsonaren garapen integralaren alde egiten dutenak; pertsona sentiberak, adikorrak, autonomoak, inteligenteak, haien emozioak kudeatzen dakitenak hezteko, horretarako tradizionalki balio maskulinoak eta femeninoak izan direnak hurbildu behar direlarik.


Gida didaktiko honetan haurraren garapen mailaren araberako (ez ordea genero rolen arabera) jostailuak  gomendatzen dituzte, neska zein mutilentzako aproposak direnak. Biek ikasi dezakete bideojokoekin edota futbol pilotarekin jolasten, zein haurreri arropa jartzen eta elikatzen … Bestetik, jostailurik gabeko jolasetan ere sexismoa alboratu behar dugu, mutilei etxetxoetara jolastea ahalbidetuz zein neskak ere korriketan ibiltzera animatu. Jolas misto eta kooperatiboak ere hezkidetzarako bidea osatu dezakete.

Gabonak heltzear daude, gogoan izan orain arte irakurritakoa eta kontuz zer oparitzen duzunarekin! 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina