2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

GENERO IKUSPEGIA ZERTARAKO

Blogari hasiera emateko eztabaida handia sortutako bideo batekin hasi nahi dut. Harald Eia kazetari norvegiarrak burututako dokumental honetan, zalantzan jartzen da “Genero ideologia” deiturikoa eta bere eragina hain handia izan zen zein 2011ean, Osloko Genero Institutua (NIKK) itxi egin zuten. Hemen uzten dizuet erreportaje polemiko hura, apur bat luzea izan arren, ikustea guztiz merezi duena:



“Buru jatea: berdintasunaren paradoxa” izenburuarekin argitaratutako bideo honetan ikusi bezala, kazetariak ikerlari norvegiarrek genero ikuspegiaren inguruan dituzten teoriak kolokan jartzen ditu, premisa honetatik abiaraziz: ¿nola da posible Norvegia ONU-ren arabera berdintasun handiena daukan herrialde bada, emakume eta gizonen arteko bereizketa tradizionala oraindik egotea? Bereizketa honen adierazle gisa, esate baterako, lanpostuetan rolak finko jarraitzen dutela (emakumeak erizainak eta gizonak ingeniari) erakusten du.

Are gehiago, Osloko Zientzia Naturaleko unibertsitateko Camila Schreinerrek 20 herrialde desberdinetan aurrera eramandako ikerkuntzan, desberdintasun larriagoak dauden lurraldeetan neskak materia zientifiko teknikoetan herrialde berdintsuagoetan baino interes handiagoa daukatela ondorioztatzen da. Beraz, ikerketa honek zenbat eta genero bereizketa gutxiagoa egon emakumeek eta gizonek orduan eta interes antzekoagoak izango dituztenaren uztea ezeztatzen du.

Paradoxa honi erantzuteko asmoz, Herald-ek, batetik Genero Ideologia defendatzen duten ikerlari norvegiarrak elkarrizketatzen ditu, zeinen arabera emakume eta gizonen arteko desberdintasun guztiak ingurutik jasotako eragin soziokulturalen ondoriozkoak diren. Bestetik, AEB-ko zein Ingalaterrako beste ikerlari batzuekin biltzen da, zeinek emakume eta gizonen garunetan ezberdintasun biologikoak daudela defendatzen duten.

Generoen teoria defendatzen dutenen artean, Catherine Egeland-ek- Lan Ikerkuntzako Institutuko partaidea- eta Martin Aurdal kazetariak neska eta mutilen aurrean desberdin jokatzen dugula mantentzen dute. Jarrera inkontziente hauen bidez- erabilitako ahots tonutik hizkuntzara doazenak- umeei haiengandik dauzkagun itxaropenak transmititzen dizkiegu, haien etorkizuneko jokabide eta interesak baldintzatuko dutenak. Hori dela eta, hasieratik haurrak berdin tratatuko bagenitu interes berdinak garatuko luketela uste dute, lanpostuetan ematen den bereizketarekin amaituz.

Aurrekoen ildo beretik, Jorgen Lorentzenek- NIKKeko kidea- jatorri biologikoko desberdintasunak ukatzen ditu; bai inteligentzia zein emozio aldetik berdinak garela ezarriz. Anniken Huitfeldek ere, Haurtzaro eta Berdintasun ministra ohiak, neskak zientzietan okerragoak direla ezeztatzen du. Bestetik, Kristin Milek- berdintasunaren aldeko bitartekaria- familia eta inguru sozial hurbiletik at beste arrazoiak aipatzen ditu; jostailuak, batik bat. Izan ere, jostailuak estereotipo tradizionalak bermatzen jarraitzen dute: sukaldaritza, edertasuna eta printzesak neskentzat eta abentura zein akzioa mutilentzat.

Kontrako aldean, genero desberdintasunak jatorri biologikoa ere dutela defendatzen duten zenbait zientifikoek burututako ikerketak aurkezten dira. Horien artean, Richard Lippak- psikologiako irakasle estatu batuarra- 53 herrialdetan egindako ikerketarekin gizon eta emakumeek zein lanpostu mota nahiago zituzten ezagutzen ahalegindu zen. 200.000 pertsona mundu osoan erantzundako inkesta honen arabera, gizonek materia teknikoetan interes handiagoa zuten, emakumeak pertsonekin lan egitea nahiago zuten bitartean. Emaitza horiek herrialde guztietan ematen zirela ikusirik, kultura ezberdinak zituztela gora behera, desberdintasun horien jatorria biologikoa eta ez kulturala izan behar zela ondorioztatu zuen.

Genero ezberdintasunak txikitatik ematen diren edo ez jakiteko, Trond Diseth medikuak beste ikerketa bat eraman du aurrera, zeinetan 9 hilabeteko haurrei jostailu desberdinak ematen zitzaien aukeran. Test horren emaitzen arabera, mutilek jostailu “maskulinoak” eta neskak “femeninoak” nahiago zituzten. Ikerlari honek ez du uste hain edade goiztiarrean inguruak eragin handiegirik izan ahal duenik eta horregatik faktore biologikoei atxikitzen die bereizketa hau. Beraz, Diseth-en ustez, gure sexuaren arabera gaitasun eta jarrera zehatzekin jaiotzen gara, aurrerago inguruak desberdintasun horiek areagotu edo murriztu dezaketelarik. 

Teoria honen beste defendatzaile batek, Simon Baron Cohen psikiatra ingelesak, testosteronak burmuinaren garapenean duen eragina aztertu zuen. Mutilek neskak baino testosterona bikoitza ekoizten dute eta kantitate honek gure jarrerak ere baldintzatzen dituztela frogatu zuen. Ikerketa honetan hormona maskulinoaren presentzia handiagoa zuten mutilek hizkuntzaren garapen geldoagoa zutela eta begietara gutxiago begiratzen zutela frogatu zuen. 8 urte izan arte jarraipena egin zieten, testosterona gehiago ekoizten zutenek enpatia gutxiagoa eta objektuen funtzionamenduari buruzko interes gehiago garatu zutela ondorioztatuz.

Anne Campbell Ingalaterrako psikologoak Darwinen teoria ebolutiboan oinarritzen da emakume eta gizonen gorputzak zein garunak desberdin garatu direla defendatzeko. Zientzialari honen ustez ezinezkoa da fisiko eta hormonalki hain desberdinak izatea horrek garuna baldintzatu gabe. Beraz, emakumeak mekanismo psikologikoak garatu dituzte erditze eta elikatze zereginak errazago eramateko. Hori dela eta, enpatia handiagoa eta taldean mantentzeko tendentzia izan ohi dute, lan sozialekiko interes “femeninoa” azalduko lukeena.

Amaieran, hasierako galderari erantzun nahian, kazetariak Camila Schreinerrek egindako ikerketa zientzialari ingeles horiei erakusten die, zera ondorioztatuz: gero eta askeagoa izan, orduan eta gure inklinazio naturalak jarraitzeko aukera gehiago dauzkagula. Hau da, Indiako neska batek ingeniaritza ikastea erabaki du, ez bereziki gustatzen zaiolako, baizik eta arrazoi ekonomikoak direla eta diru gehiago emango dion lanpostua behar duelako. Norvegiako neska batek, aldiz, haren joera genetikoa trabarik gabe jarraitu ahal izango du eta erizaintza bezalako ikasketa sozialagoa egin.


Hala ere, nik ateratako ondorioak beste bide batetik doaz. Nire aburuz, gure arteko ezberdintasunen jatorria edozein dela ere, kulturak eta testuinguru sozialak desberdintasun horiek murriztu edo areagotu (baita desberdintasun berriak gehitu ere)  ditzaketela argi dago, eta eremu horretan norbanakoak bai daukala ardura garrantzitsua. Dena dela, alderdi biologikorik existitzen ez delarik ez dut esan nahi, baina inguruak askoz ageriko eragina dauka gugan. Beraz, irakasleok berdintasunean hezteko gai izan beharko ginateke; neska zein mutilei etorkizunari begira aukera zabala eskaini ahal izateko, haien sexua alde batera utziz. Honek askatasun gehiago emango die erabakiak hartzerako orduan; haien gustuak eta interesak mugatu eta rol jakinetara bideratu gabe. Horregatik, borrokatu dezagun gizarte justuago eta berdintsuago bategatik, non emakumeek gero eta parte hartze eta ikusgarritasun handiagoa duten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina