2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

NONDIK GATOZ: ESKOLA BEREIZTUA ETA MISTOA



Gaur eguneko egoera aztertu baino lehen, emakumearen eboluzio sozialari buruzko ikuspegi zabala eskaintzea gustatuko litzaidake. Horretarako, prehistoriatik aro garaikidera arte bidai bat egingo dugu. Emakume eta gizonen rolak etengabeko aldaketak pairatu dituzte historia osoan zehar, rol horiek garai bakoitzeko eredu ekonomiko eta sinesmenekin estu lotuta zeudelarik.

Duela milioi bat urte, munduan gizarte biltzaileak ziren nagusi; gizonek ehizatzen zuten bitartean, emakumeek umeen zainketaz eta fruituak biltzeaz arduratzen ziren. Modu honetan, haien gaitasun fisikoen arabera lan rol ezberdinak ezarri ziren, baina estatus bera mantendu zuten. Aro neolitikoan, ordea, nekazaritzaren hedapenarekin batera sexuen polarizazioa eman zen. Alabaina, lurra tramankulu astunak erabiliz lantzen hasi ziren eta honek lan munduan emakumearen baztertzea suposatu zuen, ahurdun zegoelarik ezin baitzuen halako lanabesik maneiatu. Hau dela eta, haren betebeharrak umeak heztera mugatu ziren, gizonek herria defendatzeaz eta elikagaiak produzitzeaz arduratzen ziren bitartean. Horretaz gain, teknika berrien erabilpena beste iraultza bat ekarri zuen: gizonaren emantzipazioa. Izan ere, produktibitatea handitzean, gizonek ez zuten egun osoa lan egiten eman behar eta haien denbora librea kulturan eta erlijioan dedikatu zezaketen.

Gauzak halako gisan mantendu ziren Aro Modernora heldu arte. XVII. mende bukaeran, Industrializazioan, gizakiok lurra indar fisikoaren bidez lantzeari utzi genion eta makinen energiaz baliatu ginen natura eraldatzeko. Beraz, historian lehen aldiz, norberaren indarrak ez zuen bere botere kulturala determinatzen. Honi esker, feminismoa deituriko ideologia sortu zen. Emakumearen askatasunaren aldeko mugimendu honek aurre-pauso handiak eman zituen, hala nola, emakumeek botoa emateko eta haien buruaren jabe izateko eskubidea lortu zuten, lan munduan berriz sartu ziren…

Garai horretan, hain zuzen ere, hasi ziren emakumeak eskolara joaten. Aitzinean familia diruduneko neskek soilik  nolabaiteko heziketa (batez ere literatura eta artetan zentraturikoa, goi mailako topaketa sozialetan elkarrizketa interesgarriak mantentzeko gai izatera bideratuta) jaso ahal izan bazuten ere, eredu ekonomiko berriaren eraginez, klase xeheko neskak ere lanerako gaitasunetan hezteko beharrizana sortu zen. Modu honetan, idazten, irakurtzen eta zenbatzen ikasi behar zutela xedatu zen. Hala ere, eskolak bereiziak ziren eta biztanleriaren gehiengoa defendatutakoaren arabera, neskek kultura handirik ez zuten behar; horrek haren andregaia eta amaren funtzioetatik urrundu ahal zielako. Horregatik, legeak sexu bakoitzerako eskola eta hezkuntza bereiziak ezartzen zituen: nesken hezkuntza erlijioaren eta etxeko lanen inguruan zentratu behar zen eta ezin zuten erdi edo goi mailako ikasketak egin.


“La educación de las mujeres siempre debe de ser relativa a los hombres: agradarnos, sernos de utilidad, hacernos amarlas y estimarlas, educarnos cuando somos jóvenes y cuidarnos cuando somos adultos, aconsejarnos, consolarnos, hacer nuestras vidas fáciles y agradables”.
-Rousseau, "El Emilio"

XIX. mendearen amaieran, eskola mistoa defendatzen hasten da; emakumeak gizonen pareko hezkuntza jaso dezaten eta goi mailako ikasketak egin ahal ditzaten. AEBen eta hegoalde Europako herrialde protestantetan eskola mistoa lehenago ezartzen da. Gainerako herrialde katolikoetan, berriz, ez daude baliabide nahikorik hura ezartzeko edo oraindik ere oposizio handia jasotzen du. Beste alde batetik, emakumearen emantzipazioaren aldeko borrokak garai hartako korronte pedagogikoetan eragin handia du; burges liberalen Eskola Berriak, esate baterako, koedukazio proposatzen du berdintasunezko gizarte demokratikoa lortzeko. Eskola berritzaile horiek Espainiako Bigarren Errepublikako eskola mistoko aurrekariak izan ziren. Gerra Zibilaren ondoren, aldiz, eskola mistoak debekatu ziren eta Elizak, Falangearen Sekzio Femeninoarekin batera, hezkuntzaren ardurapena berriz hartu zuen. Honen eraginez, XVIII. mendeko hezkuntza eredura bueltatu ginen.



Diktaduraren azken urteetan, 1970ko lege berriak eskola mistoa onartu eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorra ezarri zuen, zeini esker itxurazko berdinketa lortu zen bi sexuen artean. Hala ere, gaur egun agerian geratu denez, neska eta mutilak espazio berean batzeak ez ditu gizarteko benetako arazoak konponduko eta horregatik, planteamendu berri bat ezarri behar dugu eskoletan: Hezkidetza.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina