Sarrera honekin nire bloga bukatutzat ematen dut. Espero dut
bertan posteaturiko informazio, hausnarketa eta baliabide guztiak baliogarri aurkitu izana gaur egun mundu osoan bizi dugun bereizketa arazo larriari buruz
kontzientziatzeko.
Hala eta guztiz ere, egiteko asko geratzen zaizkigu oraindik. 2015a
genero indarkeriaren ondoriozko 56 biktimekin bukatu dugu, Pakistan edo India
bezalako herrialdeetan neskak eskolara joan ahal izateko itxaroten jarraitzen
dute, urtero milaka emakume sexualki esklabizatuak izaten dira … Emakume horien
eskubideen alde eta haien istorioak errepikatu ez daitezen borrokatu dezagun.
Elkarrekin, hezkidetzan hezi dezagun.
Orain arte, blogean zehar emakumearen egoera
gehienbat lehenengo munduko herrialdetan aztertu dugu. Baina, bestelako errealitateak bizi dituzten eta gurean baino askoz bidegabekeri latzagoak jasaten dituzten emakumeak ere daudela ez dezagun ahaztu. Zoritxarrez, egonkortasun ekonomiko eta politiko nabaria duten lurralde
horietan, emakumearen egoera askoz okerragoa da. Hemen benetako
berdintasunik oraindik lortu ez dugula ikustarazteko borrokatzen badugu, Asia
eta Afrikako hainbat zonaldetan emakumeek gizonen pareko eskubideak modu
ofizialean onartzea bez ez dute lortu. Bertako gobernuek, askotan lider
erlijiosoak buru gisa dutenek, trabak besterik ez dituzte jartzen emakumearen
emantzipazio prozesurako, askotan ONG atzerritarren eskuetan soilik geratzen
dena.
PNUD-ek (Programas de Naciones Unidas para el
Desarrollo) 2010ean egindako informearen arabera, genero arloan berdintasun
gutxiren daukaten lehenengo 10 herrialderen artean, 8 Afrikan daude, horien
artean Namibia, Mozambike eta Errepublika Zentro Afrikarra aurkitzen direlarik.
Jeni Klugmanen- informearen autorearen- esanetan, “neska eta emakumeei gizonen hezkuntza,
arreta medikoa, eskubide legal eta ordezkatze politiko berdinak eskaintzeak,
sozialki bidezkoa izateaz gain, biztanleri guztiaren garapenerako onuragarria
da”. Garapenean abantaila horiek azaltzeko, hona hemen Intel for Change
elkarteak egindako promozio bideoa:
Bideoan ikusitako datuen arabera, mundu mailan
66 milioi neska ez dira eskolara joaten eta honek ondorio latzak dakartza neska
bakoitzaren komunitatean, hala nola, garapenerako bidean dauden 65 herrialdek
92 bilioi dolar inguru galtzen ari dira emakumeak ez hezteagatik. Askotan, neskek haren familia aurrera atera ahal izateko lan egin behar
dutelako gertatzen da hau. Horregatik, pobrezia egoera horretatik atera ahal izateko, gero eta
pertsona prestatu gehiago behar dituzte, aurrerapen teknologiko zein sozialak
ekarriko dituztenak. Beraz, emakumeek ikastea, ez soilik haien garapen
intelektualerako, baizik eta haren inguruan dauden pertsona guztien
garapenerako ere onuragarria izango da. Herrialde bateko emakumeen %10ak
eskolara joatean, herrialdearen BPGa %3an gora egiten du. Horretaz gain, heziketa
jaso duten neskek pobreziatik ateratzeko eta osasuntsuago egoteko aukera
gehiago dauzkate. Bestetik, 8 urtez eskolara joan diren neskak 4 aldiz aukera
gutxiago daukate haur bezala ezkondua izateko. Emakumeak eskolara joanez gero, seguruenik
haren ondorengoek ere hezkuntza jasoko dute, herrialde osoaren etorkizuneko
garapenerako lagunduko duena.
Munduko beste puntara bidaiatzen badugu,
Asiara konkretuki, bertako egoera askoz hobeagoa ez dela ikus dezakegu. Batez
ere, India, Pakistan eta Afganistan inguruko herrialdeetan. Bertan, Taliban
izeneko mugimendu politiko militarrak influentzia handia du eta Islama aitzakia
gisa erabiliz, kalte izugarriak eragin dituzte biztanleriaren askatasun eta
eskubideetan, kaltetu nagusiak emakumeak direlarik. Talibanak agertu aurretiko
nesken egoera nahiko latza ez bazen (legez debekaturik egon arren, eremu
gehienetan haurrak ezkontzea eta ohorezko krimenak bezalako praktikak ere
egiten zituzten), haien menpe erori diren lurraldeak neskentzako eskolak
dinamitatzea eta estremismo erlijiosoa ere jasan behar dute.
Gai korapilatsu honekin amaitzeko, Malala
Yousafzairen- haren herrialdean Talibanei aurre egin zien eta gaur egun
emakumearen hezkuntzarako eskubidea mundu osotik defendatzen duen neska pakistandar
ausarta - hitz itxaropentsu batzuekin uzten dizuet:
Hona hemen gure aurrean daukagun beste erronka garrantzitsu bat: haur guztientzako, haien sexua, arraza edota jatorri ekonomikoagatik diskriminatu gabe, hezkuntza unibertsala lortzea!
Bretxa
digitalaz hitz egiten dugunean IKT-ak erabiltzen
dutenenen eta ez dutenen arteko desberdintasun sozioekonomikoei erreferentzia
egiten diogu. Modu honetan, desberdintasun horien jatorriaren arabera, 3 bretxa
mota bereizten dira. Lehenengoa, ekonomikoa,
sarbidearekin dago erlazionatua. Bloke honetan bi kategoria desberdin bereizten
dira, batetik teknologia izatea edo ez izatearena (gaur egun herrialde
aberatsetan ia gaindituta dagoena), eta bestetik teknologiaren garapen azkarrak
eragindakoa, zeinen ondorioz kalitate eta potentzia oso desberdineko gailuak
erabiltzen ditugu (ez dira berdinak 50 euro edo 600 balio dituen mugikorra).
Bigarren bretxa, kulturala,
teknologiaz egiten dugun erabilpenaren araberakoa da eta hainbat faktorez
baldintzatuta dago: erabiltzailearen gaitasunak, kultura eta hezkuntza maila …
Hirugarrena, instituzionala, eskolarekin
zuzenean dago harremanduta. Izan ere, eskoletan baliabide fisiko nahiko izan
arren, irakasleen ezjakintasuna edo borondate faltagatik horiek ez dira
erabiltzen.
Baina zer harreman dauka guzti honek genero desberdintasunekin?
Ba, datuek erakutsitakoaren arabera, gizonekin alderatuta, emakumeek IKT-ak
nabarmenki gutxiago erabiltzen dituztela edo etekin gutxiagoa ateratzen
dietela. Egoera honek generoko bretxa
digitala deiturikoa agertzea eragin du. 2012an argitaratuko ikerketa batek
halako datuak agerian uzten zituen:
Datu hauek erabiliz, Emakumearen Institutuak
hainbat ondorio atera ditu. Horien artean bretxaren
arrazoiak aurki ditzakegu:
IKT-een erabilelpen masiboa lan munduaren
bidez etorri zen gehienbat eta emakumeak merkatura astiroago edo geroago sartu
zirenez, gizonek abantailarekin hasi zirela esan dezakegu. Gainera, emakumeen
langabezi tasa altuagoa da, beraz emakume gehiagok ez daukate lanean bez
konektatzeko aukerarik.
Emakumea gehienbat hezkuntza, osasuna edota
zerbitzu sozialak bezalako sektoreetan lan egiten du, eta horiek ez daude beste
batzuk bezain informatizatuak.
Gizonek dira gehienbat ekipo informatikoak
hautatzen eta erosten dituztenak.
Emakumeak ordu gehiago ematen dituzte etxeko
lanetan eta zaintza zereginetan, bestelako jarduerak egiteko denbora kentzen
diena.
Eta, zein ondorio
dakartza?
Emakumeek zailtasun gehiago dituzte
prestakuntza plataforma online-tara sartzeko.
Emakumeek enplegua bilatzeko zailtasun
handiagoak dituzte, Internet horretarako funtsezko baliabidea baita.
Egokitzapen teknologiko faltagatik, lana
mantentzeko edo mailaz igotzeko zailtasunak.
Tramite administratiboak Interneten bidez ezin
egin izatea.
Internetek eskainitako informazio guztiari
sarbiderik ez izatea.
Horretaz gain, “¿Por qué las chicas no quieren
ser ingenieras?” artikuluan, El Mundo egunkariak generoko bretxa digitalarekin
estuki lotutako gaia tratatzen du OCDE-ak egindako ikerketan oinarrituz. 2015eko
datuen arabera, karrera teknikoetan ikasleen %25a soilik dira emakumeak eta
kopurua behera egin du urtez urte. Egoera honek IKT-en ezagutza eta erabilpen teknikoa gizonen eskuetan ia esklusiboki
jartzen du. Baina, zer dela eta gertatzen da hau? Arazoak txikitatik hasten
dira, familian alegia. Gurasoek
espektatiba ezberdinak izan ohi dituzte haien seme-alabei buruz eta horiek
modu kontziente zein inkontzientean azalerazten dituzte, haurren pertsonalitate
eta gustuen garapenean eragin handia izango duenak. Aurreko sarreretan aztertu
bezala estereotipo horiek bete medioen bidez ere ( publizitatea, jostailuak …)
ailegatzen zaiela uste dut.
Honi matematikekiko
mesfidantza gehitu behar diogu. Ikerkuntzaren arabera, “15 urterekin neska
gehienak zalantzati sentitzen dira irakasgai honetan; erdiak baino gehiago
materian txarrak direla esaten dute. Urduritasun gehiago daukate eta haien
buruari gehiago exijitzen diotenez, txarto ez egitearren amore ematen dute.
Beste batzuen ustez arazoa karrera enfokatzeko ikuspuntuan datza, neskek
karrera sozialengatik erakarriago
sentitzen direlako eta ingeniaritzak oso karrera abstraktuak bezala ikusiak
dira. Lina Nilsson, “Innovación en el Centro Blum para Economías en Desarrollo” proiektuaren
zuzendariaren esanetan “lan horiek eduki sozialagoa izango balute emakume askoz
gehiago matrikulatuko litzateke”. Berak
martxan jarritako doktoratuan, non, besteak beste, ur edangarria modu merkean
lortzeko bideak uztartzen diren, ikasleen %50 neskak izatea lortu du; datu
esanguratsua eta haren teoria babesten duena.
Azkenengo
arrazoia emakume ingeniarien ikusgarritasun falta da. Karrera teknikoetan oso
emakume irakasle gutxi daude, Europar Batasun osoan ingeniarien artean %86a
gizonak dira eta horretaz gain, eskoletan lorpen garrantzitsuak izan dituzten
emakumeak alboratzen jarraitzen dira; denek baitakite nor den Nail Amstrong
baina gutxik ezagutzen dituzte Hedy
Lamarr, Grace Hooper edo Valentina Tereshkova bezalako
pertsonalitateak.
Desberdintasun
hauekin bukatzeko asmoz, adituek koedukazioan heztea proposatzen dute, besteak
beste, karrera teknikoen irteera sozialei buruz gehiago informatuz (eta ahal
bada emakumeen eskutik), neskek haiengan duten konfiantza areagotzeko neurriak
ezarriz eta irakasleei genero ideologiaren inguruan prestakuntza eskainiz.
Sarrera honetan haurrei zuzenean
bideratutako produktuak aztertuko ditut, musika
eta telebistan agertutako edukietan ez bezala, hauetan bai daukagula
errespontsabilitatea; gu geuk (familiak, eskolak, helduek) eskaintzen
dizkiogulako. Horregatik da hain garrantzitsua hautaketa egokia egitea, hasieratik
alboratu beharreko produktuak zein haien ezaugarri sexistak identifikatuz.
IPUINAK
Ipuinek, eta batez ere ipuin tradizionalek, gizartearen
araberako balio, arau edota ikasketak transmititzen dizkigute. Haurrarentzat
informazio iturri oso garrantzitsuak dira haren mundua nola funtzionatzen duen
ulertzeko, beraz oso egokiak dira haien errealitatera hurbiltzeko. Zentzua ez
duena zera da, gaur eguneko gizartean, non sexu bereizketarik onartzerik ez dagoen,
balio sexista indartsuak transmititzen
dituzten ipuinak irakurtzen jarraitzea. “Betiko” istorio horien artean Edurne
Zuri, Errauzkine … bezalako ipuin ezagunak aurkitzen dira. Horiek guztiak gauza
bat daukate komunean: emakume eta
gizonen irudi sexista. Emakumeak izaki ahul eta menpekoa bezala agertzen diren
bitartean, gizonak indartsuak eta goi mailakoak dira. Pertsonaien ohiko ezaugarritzea hau da:
Emakumea:
ahula, otzana, eta gizonen menpekoa. Haren bizitza etxean ematen du gehienbat,
etxeko lanak eginez eta besteak zainduz. Ameslaria, sentibera, erromantikoa eta
inozoa da; bere xede nagusia ezkontzea denez, printzepe salbatzailearen zain
geratuko da. Protagonistak beti dira ederrak, gozoak eta onak. Antagonistak,
aldiz, beti dira zorgin itsusi, zahar, bakarti eta gaixtoak, baina inoiz ez
dira haren ezaugarri positiboak nabarmentzen, esate baterako, emakume autonomoak
dira, ikertzaileak, haien bizitzaren
jabe dira eta anbizio handiko erabakiak hartzen dituzte. Are gehiago, emakume
eder bat gaixtoa bada, amaieran bakarrik edo zaharkiturik agertuko dira,
zahartzaroa emakumeari gertatu ahal zaion gauzarik traketsena balitz bezala!
Emakume eder baina bihurriek, Txano-gorritxo bezala, adibidez, zigor latza jaso
edo arriskuren bat biziko dute, emakumeak otzanak izan eta arauak errespetatu
behar dituztelako.
Gizona:
Heroi ausarta, indartsua, azkarra eta independentea da,
abentura zoragarriak bizi eta haren helburu guztiak betetzen ditu, botere
handia lortuz. Emakume gazte eta ederren printzepe urdina bilakatzen da, arriskuetatik salbatu eta seduzitzen dituelarik.
Estereotipo honek ez ditu gizon sentibera, ahul, erromantiko edo lotsatirik
onartzen.
Ez al da kaltegarria umeentzat ipuin hauek
irakurtzea gizarte justu eta berdintsuagoa eraiki nahi badugu? Bai, bada; txikitatik neska eta mutilen jolas berezituei soilik erreparatu behar da.
Zorionez badaude bestelako istorioak, genero estereotipoekin apurtu eta sexu bientzako
balio komunetan heztea helburu dutenak. Ipuin
koedukatiboez ari gara. Horietan pertsonaien rol tradizionalak desagertu
eta munduari buruzko ikuspegi zabalagoa eskaintzen da, kulturartekotasuna eta
banakoarekiko errespetua bezalako kontzeptuak agertzen direlarik. Batez ere,
haien artean eta inguruarekin bat armonian bizitzen ikasi dezaten nabarmentzen
da. Horren adibide gisa ipuin hau uzten dizuet, "Cuentos para antes de despertar" bildumako "Koloreak":
Zer gertatuko
litzateke umeei halako baliabideak emango bagenizkioke? Haien begiak zabaldu
behar ditugu, hedabideetan eta haien eguneroko bizitzan ikusten dituzten
elementu sexistak irizpide kritikoz aztertu eta baztertu ahal izateko. Hurrengo estekan hezkidetzarako ipuin gehiago gomendatzen dira: https://porteonatural.wordpress.com/2015/06/06/22-cuentos-para-coeducar/
JOSTAILUAK
Umeei zuzenean bideraturiko produktu hauek genero
ikuspuntutik bereziki arriskutsuak izan daitezke. Izan ere, jolasaren bidez
umeak errealitatearekin lehenengo kontaktua izaten du, inguruak helarazitako
balioak, sinesmenak, itxaropenak … barneratuz. Elementu guzti hauek eragin
izugarria daukate pertsonaren garapen pertsonal eta kognitiboan. Horregatik, haurrari jolas mota jakinera mugatzeak
haren gaitasunak ere murriztea ekarriko du.
Sergi Fabruega psikologoak adiera eman bezala,
jostailuetan bereizketa sexista egoten da oraindik ere eta horrek haien
garapenean ere bereizketa ekarriko du. Badirudi arlo horretan ez dugula
gehiegirik aurreratu, izan ere, jostailu denda batera sartzean argi eta garbi
ikusten da estereotipoen barrera
oraindik ez dugula gainditu: alde batean, zonalde arrosa; panpinak,
jostailuzko sukaldeak, printzesa mozorroak … eta bestean zonalde urdina;
autoak, eraikuntza jolasak, pistolak … Horiek guztiak neskak eta mutilak nolakoak
izan behar direnari buruz mezu argia islatzen dute eta umeek 4-5 urtetik
aurrera guztiz barneratu dituzte, haien interesak eta gustuak baldintzatzen
dituztelarik.
Zorionez, badaude Kantabriako Gobernuko
Emakumearen Zuzendaritza Orokorretik ailegaturiko proposamenak bezalako
alternatibak, pertsonaren garapen integralaren
alde egiten dutenak; pertsona sentiberak, adikorrak, autonomoak,
inteligenteak, haien emozioak kudeatzen dakitenak hezteko, horretarako
tradizionalki balio maskulinoak eta femeninoak izan direnak hurbildu behar
direlarik.
Gida didaktiko honetan haurraren garapen mailaren araberako (ez ordea genero
rolen arabera) jostailuak gomendatzen
dituzte, neska zein mutilentzako aproposak direnak. Biek ikasi dezakete bideojokoekin
edota futbol pilotarekin jolasten, zein haurreri arropa jartzen eta elikatzen …
Bestetik, jostailurik gabeko jolasetan ere sexismoa alboratu behar dugu,
mutilei etxetxoetara jolastea ahalbidetuz zein neskak ere korriketan ibiltzera
animatu. Jolas misto eta kooperatiboak
ere hezkidetzarako bidea osatu dezakete.
Gabonak heltzear daude, gogoan izan orain arte
irakurritakoa eta kontuz zer oparitzen
duzunarekin!
Kantar Mediak elkarteak eskainitako azken datuen arabera, 4-12 urte bitarteko ume espainiarrek, batez bestez, egunero bi ordu eta erdi ematen dituzte telebista ikusten. Datu honek, ohiko kezkak sortzeaz gain (ba al da osasuntsua hainbeste ordu horretan inbertitzea? Ez al da komenigarriagoa haien denbora beste gauza batzuetan ematea? …), bestelako zalantzak ere eragin beharko lituzke, hala nola, telebista aurrean dauden denbora horretan, zer ikusten, edo zer ikasten ari dira?
Telebista komunikazio bide oso boteretsua da, ikusleari sentipen eta emozioak zuzenean eragiten dizkio, transmititutako mezua barneratzea erraztuz. Tamalez, heziketa tresna bezala aparteko baliabidea izan arren, askotan, eragin ez-hezitzaile izugarria du. Telebista piztu bezain laster iragarkiak edonon aurkitzen ditugu. Haurrek ere halakoak ikusten dituzte eta gu bezala, publizitateak iragazitako mezu sexistei aurre egin behar diete. Hori dela eta, abestiekin bezala, helduek telebistan ikusitakoa irizpide kritikoz interpretatu dezaten medioak eman behar dizkiete haurrei. Helburu horrekin, iragarkietan agertu ohi diren elementu sexistak aztertuko ditut:
Isabel Miranda kazetariak
adierazi lez, emakumeak oso esplizituki zapaltzen dituen publizitatea (beheko
irudietan bezala) ikustea dagoeneko ez da arrunta. Beraz, gaur egun, normalean ez dira ekoizten emakumearen kontra bortizkeria edota mesprezua zuzenean
sustatzen dituzten iragarkiak, eta baten bat agertzekotan, jadanik
gizarteak horiek identifikatzeko eta salatzeko gai da, 2007ko
Dolce&Gabanna-ren iragarki polemikoarekin gertatu zen bezala, non gizon
talde batek lurrean botatako emakume bat bortxatuko zutela zirudien.
Tamalez,
horrek ez du esan nahi sexismoa publizitatetik desagertu denik. Aitzinean
emakumea gizonaren agintepeko zerbitzari otzana bezala irudikatzen bazen, 90
mendetik hona, emakumea gizonen erabilpenerako objektu edo lorpen sexual bat
bihurtu da. Eta arazo nagusia zera da, gaurko sexismo berri honek oharkabeturik igarotzen dela. Alejandro
Peralesek- Komunikabideen Erabiltzaileen Elkartearen zuzendaria- azalpen argia
dauka honetarako: publizitatea gizartearen erreflexua da, horregatik ez gara
gai gure eguneroko bizitzan arruntak bezala ikusten ditugun elementu sexistak
identifikatzeko. Hau guztiagatik, aurreko irudiak salatzen ditugu, (non
emakumea etxeko andre xume gisa agertzen den, gaur egun emakumea lan munduan
guztiz sartuta egon arren), baina ez ordea Axe desusangarriak eskainitako
iragarki hau:
Bideo honetan agertutako estereotipoak ondo ez
identifikatzekotan, Andaluziako Publizitate Ez-sexistarako Behatokiak iragarkietan sexismoa hauteman ahal izateko
gida hau eskaintzen du:
1.Iragarkiak sexistak dira genero
rol tradizionalak bermatzen jarraitzen badute.
2.Emakumearen arrakasta
edertasunaren irudi zehatz batekin identifikatzen badu.
3.Produktu estetikoen bidez
emakumearen gorputzaren gain presioa eragiten badu.
4.Emakumearen gorputza eta adinaren
eraginez agertutiko aldaketa biologikoak inperfektuak bezala ikusi eta horiek
estali edo zuzendu nahi badu.
5.Emakumeak menpeko eta borondaterik
gabeko izaki gisa agertzen badira.
6.Emakumeak erabaki ekonomiko
garrantzitsuetatik alboratzen baditu.
7.Emakumeei garbiketa, familiaren
elikadura eta zaintzaren rolak esleitzen badizkio.
8.Emakumeen nahiak ukatu eta besteen
nahietara moldatzea natural moduan agertzen bada (superwoman).
9.Emakumearen gorputza objektu bat
edo produktu baten bildukina gisa agertzen bada.
10.Emakumea bere emozioak zein
ekintzak kontrolatzeko ezgai agertzen bada.
Dekalogo honetaz gain, elkarteak bestelako
publizitatea egiteko irizpide batzuk eskaintzen ditu, esate baterako, adin eta
itxura anitzeko emakumeak agertaraztea; rol tradizionalak alboratzea (gizonek
ere sukaldatzen dute!); gizonei bideratutako produktuetan emakumea sexualizatua
ez egotea; neska eta mutilen rolak aurkakoak ez izatea; gizon-emakumeen artean
agertzen diren erlazioak erakarpen sexualekoak edo sedukziozkoak soilik ez izatea
(lagunak eta lankideak ere izan daitezke!); gizonen arteko erlazio desberdinak
aurkeztea ... Horretaz gain, emakumeei haien buruari buruz duten irudia
aldatzera ere animatzen die; batetik izaki autonomoa bezala ikusi behar du bere
burua, laguntza maskulinorik gabe erabakiak har ditzakeen pertsona bezala; eta
bestetik, edertasuna baino garrantzitsuagoak diren helburuak daudela onartzen
badute.
Klasean gai hau lantzeko eta ikasleek benetako
kontzientzia hartzeko, zer deritzozue irizpide hauek jarraituz iragarki bat egin dezaten eskatzen badiegu?
Gauza jakina da haurrek ingurutik
jasotako edozein estimulu edo informazioa erraztasun handiz xurrupatu eta
barneratzen dutela. Horregatik, kontu handiz ibili behar gara gure
egunerokotasunean (eta ez bakarrik eskolan) agertzen diren elementu sexistak
identifikatzeko eta horiei aurre egin ahal izateko. Hala ere, hedabideetatik
eta kontsumotik datozen eragin ez-hezitzaile guzti horiek- gehienetan ohartu
gabe barneratzen ditugunak- ezin ditugu desagerrarazi, gure eskuz kanpo
gelditze baitira. Orduan, nola hezi ditzakegu ikasleak eredu sexista horiekin
ez identifikatzeko? Lehenik eta behin, arazoaz kontzientziatuz, eta bestetik,
horiek alboratzeko tresnak zein izpiritu kritikoa emanez.
Sarrera honetan zein hurrengoetan,
ume eta gazteengan eragin gehien duten eta gure kultura hoberen islatzen duten
zenbait arlo aztertuko ditut, horietan estimulu sexistak identifikatu eta
salatu nahian.
Atal honetan musikaz arituko naiz eta hura garatzeko, Kanarietako gobernuak
genero indarkeriaren prebentzio neurri gisa egindako “MP3 ¿Reproduces sexismo?” gidaz baliatuko naiz. Gazteei
bideratutako gida didaktiko honetan, egunero entzuten diren 30 abesti ezagunetarikoen
inguruan ikerketa sakona egin dute, zenbait ondorioetara ailegatuz: abestien
%77a gizonek interpretatzen dituzte, gai nagusia desamodioa da (%60) eta
emakumearen irudiari dagokionez %20ak objektu sexual bat bezala ikusten du eta
%42an jarrera pasibo batean agertzen dira. Gehienetan emakumea abeslaria denean
agertzen diren amodio erlazioak mingarriak izaten dira, gizonek abesten
dutenean, aldiz, haien hizkuntza konnotazio sexual askoz handiagoa du.
Horretaz gain, abestiak hiru
multzotan sailkatu dituzte, horiek aztertzeko baliabideak emanez. Alde batetik,
sexismoa erreproduzitzen duten
abestiak aurkitzen ditugu, genero estereotipoak eta amodio erromantikoari
buruzko mitoak transmititzen dituztenak. Bestetik, tratu txarrak ematen dituzten abestiak ere daude, sexismo bortitz
baten eta emakumeenganako indarkeriaren apologia egiten dutenak. Azkenik, prebenitzen duten abestiak daude,
genero indarkeriaren gaia tratatu eta arazoa modu egokian ikustarazten dutenak.
Sexismoa erreproduzitzen duten
abestien artean Amaralen hit ezaguna aurkitzen da: Sin ti no soy nada. Gida
honek proposatzen digun ariketa aurkezteko aprobetxatuko dugu abesti hau, gelan
lantzeko jarduera oso interesgarria izan daitekeena. Ariketa honetan,
lehendabizi abestia entzun edo letra irakurriko da, ondoren hausnartzeko
galdera batzuk eztabaidatuko dira eta amaitzeko, erreproduzitzen dituen mitoak
edota estereotipoak identifikatuko dira.
Hausnarketarako galderak:
Behatu titulua, ¿ zer bururatzen zaizu?
Erlazio batean, hasierako hilabetetako amodio sutsu eta erromantikoa betirako iraun ahal (eta behar) duela sinetsi ohi da. Hala ere, ikerkuntza anitzak seinalatu bezala, amodio sutsu horrek iraungitze-data omen du.
Amaralek esaten du “daría lo que fuera por ser como siempre los dos mientras todo cambia”. Hori posiblea dela uste duzu? Baikorra al da? Pertsonak aldatzen bagoaz ez al da normala harremanak ere aldatzen joatea?
Zer erreproduzitzen da?
Iraunkortasunaren mitoa
Existentziaren erdigunea beste pertsona izan behar da
Aurreko sarreran aztertu bezala, gaur eguneko berdintasun
arazoei (emakumeen soldata eta status baxuak, estereotipoak, sexismoa, matxismoa, genero indarkeria …) aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa
da hezkidetza eskoletan sartzea. Baina, zer
da hezkidetza? Wikipediaren arabera “Hezkidetza, baterako hezkuntza edo
koedukazioa, pertsonak bere berezitasunen arabera, generotik at egiten den
hezkuntza da. Hau da, irizpide sexistei jarraiki gizon eta emakumeei
egokitutako rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe heztea da.”
Hezkidetzak gure arteko ezberdintasun
nagusienak kulturalak eta ez biologikoak direla sinesten du. Izan ere, Margaret
Mead antropologoak aztertu bezala, emakume eta gizonei atxikitako gaitasunak
garai batetik bestera eta gizartearen arabera aldatzen baitira. Ezberdintasun
horiek bereizteko sexu eta genero
kontzeptuak sortu dira. Lehenengoak norbanakoaren organo genitalei eta erreprodukzio
funtzioari egiten dio erreferentzia eta bigarrena
jaiotzetik sexu bakoitzerako bereizitako arau sozialen multzoa da,
norbanakoaren jokabidea baldintzatzen duena. Sexua ezaugarri biologiko eta
genetikoen araberakoa da, generoa berriz, pertsona bakoitzak jaiotako leku eta
momentuaren araberakoa. Beraz, emakume eta gizonen rolak aldakorrak dira, nahiz
eta tradizionalki gizarte patriarkaletan femeninoa maskulinoaren menpe egon den.
Hierarkizazio edo desberdintasun kultural hauek sexismoaren bidez ezarri dira.
Herrialde garatuetan sexismoa alboratu dela sinestarazi den arren, oraindik ere
eragin handia du gizartean. Arazoa zera da; jadanik hezkuntza legeak neska eta
mutilen artean bereizketarik egiten ez dituen eta modu honetan berdintasun
formala lortu den arren, errealitatean ez gara benetako berdintasun batera ailegatu.
Hau da, eguneroko harreman sozialetan “arruntak” diren jarrera diskriminatzaileak
onartuak daude, gizartean indartsuki errotutako praktika eta ideologia
sozialaren parte direlako. Hori dela eta, egungo koedukazioaren helburu
nagusia Curriculum ezkutuaren bidez modu
ez formalean transmititzen diren diskriminaziozko elementu horien desagerpena
da. Horretarako, eskolan oraindik ematen diren sexismo motak identifikatzeko
bost arlo aztertu dira:
Emakumeen posizioa irakasle gisa: hezkuntza arloan emakume asko lan egiten
duten arren, haien estatusa gizonena baino baxuagoa izan ohi da. Ikasleen adina
eta eskola zikloko prestigioa gora egin ahala, andereinoen proportzioa behera
egiten du. Diskriminazio honi aurre egiteko, emakumeen promozioa bultzatzen
duen politika ezarri behar da. Orden sexista honek ikasleengan ere eragin
negatiboa du, egitura honen bidez, emakumearen menpeko posizioa “normala” dela
indartzen baita.
Zientziaren androzentrismoa: Umeei transmitituriko ezagutza
analizatzean, hiru gauzaz ohartzen gara: emakumeak eginiko ekarpen kulturalei
buruz ia ez direla aipamenik egiten; emakumeentzako interesgarriak izan ahal
diren gaiak ez direla ia jorratzen eta askotan emakumeei buruzko aurreiritziak
baieztatzen direla. Ondorioz, mutilak gizonengan hainbat eredu aurki ditzaketen
bitartean, neskak ez dituzte emakume boteretsu eta jakintsuen
erreferentzia askorik. Gainera, aurretik
neskei soilik irakatsitako ezagutzen (etxearen mantenimenduari eta umeen
zainketari buruzkoak) desbalorizazioa gertatu da eta jadanik ez dira eskolan
ikasten. Baina gizon eta emakumeak etxeko lanak modu berdintsuan banatu ditzaten,
horiek txikitatik ikastea ezinbestekoa da. Horretaz gain, irakasleek aurreiritziak
dituzte umeen gaitasunei buruz, neskak lengoaian eta mutilak matematiketan onak
izango direla uste baitute eta espektatiba ezberdin horiek ikasleen artean emaitza
ezberdinak ere eragiten dituzte (Pigmaleon efektua).
Lengoaiaren androzentrismoa: gazteleraz lengoaiaren erabilpen sexista
egiten da, adibidez, bi sexuko pertsonak dauden taldea aipatzeko edo lanbide
prestigiosoak izendatzeko genero maskulinoa erabiltzen denean. Honi esker,
identitate femeninoko pertsonen presentzia disimulatzen da. Lexikoan ere kontzeptu
sexista asko aurki ditzakegu, modu honetan, termino bat konnotazio negatiboa du
forma femeninoan eta positiboa maskulinoan. Gazteleraren %80-ko zama sexistaren
aurrean, euskararena %5-ekoa da soilik. Amaia Alvarez Uriak ikerlariak adierazi
bezala “Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak
pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero
bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre)”. Horretaz gain, Linda
Whitek “genero kutsadura” deitzen duena ere gertatzen da euskaraz; izen
neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu (medikua,
langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea)
Testu liburuak eta haurrentzako ipuinak: hezkuntzan erabilitako liburuetan ilustrazio
gehienak gizonenak dira eta emakumeen lanbideak agertzean haien rol
tradizionalei egiten diete erreferentzia. Irudi horiek umeen ereduak ezarri eta
estereotipoak bermatzen dituzte, horregatik dira sexismoaren eragile hain
garrantzitsuak.
Eskolako interakzioa: Eskolak, ezagutzak transmititzeaz gain,
irakasle eta ikasleen arteko harremanen
bidez jokabide eta erlazio ereduak ere
ezartzen ditu, umearen nortasunean eta autoestiman eragin handia dutenak.
Hainbat ikerketa erakutsi bezala, harreman horiek askotan sexismoa azaleratzen
dute, hala nola, irakasleek arreta gehiago zuzentzen dietelako mutilei.
Zergatik gertatzen da hau? Batzuen arabera mutilen jokabidea kontrolatzeko
zailagoa delako edota neskak gehiago distraitzen direlako. Beste batzuen arabera,
sistema produktiboak gizonei atxikitako baloreen (agresibitatea, lehia…)
transmisioari ematen dion garrantzia da bereizketa honen arrazoi nagusia, izan
ere balore femeninoak alde batera utzi izan dira. Horretaz gain, umeei
diziplina eta ondo portatzea irakasten zaien arren, mutil batek arauak haustean
positiboki baloratzen da (nahiz eta esplizituki ez den esaten eta hura
zigortzen den) izaera aktibo eta sendo baten erreflexu delako. Neskak ondo
portatzen direnean, aldiz, mantsotasun eta pertsonalitate faltaren seinale gisa
hartzen da eta txarto portatzen direnean zorrotzago zigortzen zaie. Beraz, mutilek
egiten duten guztia gehiago baloratzen da, nahiz eta nesken jokabidea
gehienetan hezkuntza sistemak ofizialki ezarritakoarekin bat egiten duen. Nola
erantzuten diete neskak diskriminazio honi? Haien jokabide pasiboa areagotzen
da eta rol sekundarioa hartzen dute, gehiago ikasiz eta nota hobeagoak lortuz;
arau hausteak ez dielako abantailarik suposatzen. Hortaz, bereizketa sexistak
ez du nesken emaitza akademikoetan eragin negatiborik, bai ordea haien ibilbide
profesionalean edo arlo publikoan, non zalantzatiagoak izango diren.
Hortaz, eskola mistoak ez du genero berdintasuna
lortu, emakumeak gizonen munduan sartzea soilik saiatu delako, balore
maskulinoak gailenduz. Koedukazioa ez da zentro bera konpartitzera mugatu
behar, eskola ez sexista eraiki
behar du. Horretarako, orain arte debaluaturiko ezagutza, gaitasun eta jarrera
“femeninoak” bultzatu behar dira,
neskeei “mutilen” lanbidetan sartzera motibatu behar diegu, eta
emakumeek haien buruarengan duten konfiantza sendotu, arlo publikoan parte
hartze gehiago izan dezaten. Aurreko bost puntuekin erlazionaturiko bestelako
neurri batzuk hauek izan ahal dira: emakumeen ekarpenak erakusten dituzten
liburuak edota materialak erabili; zientzia eta teknologia ikuspegi sozialetik
baloratzeko programak martxan jarri, emakumeek lanbide horiek hautatu ditzaten;
eskolan osasuna, sexualitatea, etxeko eginkizunak eta harreman afektiboekin
erlazionaturiko ezagutzak lantzea; eta zentroak profesionalen artean emakumeak
kontuan hartuak izatera bultzatu.
Posiblea da hezkuntzan
aldaketa hau burutzea?
Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizartean oso errotuak dauden
hainbat estereotipo eta jarrera diskriminatzaileak eragin ditu. Horien
desagerpena gizartearen eraldaketa prozesu sakonaren ondorioz soilik emango da
eta transformazio hura eskolatik hasi behar da, horretarako, eskolan umeei pentsamendu
zein jokabide sexistak detektatzen eta zuzentzen lagundu behar zaielarik. Hezkuntzak
ezin ditu desberdintasunak ezabatu, baina horiek murriztu ditzake eta
berdintasuna lortzeko ezinbesteko elementua da.
Hona hemen hezkidetza bere Curriculumean integratu duen ikastetxe bat: