sexismoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
sexismoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

INGURUAREN ERAGIN SEXISTAK (III): IPUINAK ETA JOSTAILUAK

Sarrera honetan haurrei zuzenean bideratutako produktuak aztertuko ditut, musika eta telebistan agertutako edukietan ez bezala, hauetan bai daukagula errespontsabilitatea; gu geuk (familiak, eskolak, helduek) eskaintzen dizkiogulako. Horregatik da hain garrantzitsua hautaketa egokia egitea, hasieratik alboratu beharreko produktuak zein haien ezaugarri sexistak identifikatuz.

IPUINAK

Ipuinek, eta batez ere ipuin tradizionalek, gizartearen araberako balio, arau edota ikasketak transmititzen dizkigute. Haurrarentzat informazio iturri oso garrantzitsuak dira haren mundua nola funtzionatzen duen ulertzeko, beraz oso egokiak dira haien errealitatera hurbiltzeko. Zentzua ez duena zera da, gaur eguneko gizartean, non sexu bereizketarik onartzerik ez dagoen, balio sexista indartsuak transmititzen dituzten ipuinak irakurtzen jarraitzea. “Betiko” istorio horien artean Edurne Zuri, Errauzkine … bezalako ipuin ezagunak aurkitzen dira. Horiek guztiak gauza bat  daukate komunean: emakume eta gizonen irudi sexista. Emakumeak izaki ahul eta menpekoa bezala agertzen diren bitartean, gizonak indartsuak eta goi mailakoak dira. Pertsonaien ohiko ezaugarritzea hau da:

  • Emakumea: ahula, otzana, eta gizonen menpekoa. Haren bizitza etxean ematen du gehienbat, etxeko lanak eginez eta besteak zainduz. Ameslaria, sentibera, erromantikoa eta inozoa da; bere xede nagusia ezkontzea denez, printzepe salbatzailearen zain geratuko da. Protagonistak beti dira ederrak, gozoak eta onak. Antagonistak, aldiz, beti dira zorgin itsusi, zahar, bakarti eta gaixtoak, baina inoiz ez dira haren ezaugarri positiboak nabarmentzen, esate baterako, emakume autonomoak dira, ikertzaileak,  haien bizitzaren jabe dira eta anbizio handiko erabakiak hartzen dituzte. Are gehiago, emakume eder bat gaixtoa bada, amaieran bakarrik edo zaharkiturik agertuko dira, zahartzaroa emakumeari gertatu ahal zaion gauzarik traketsena balitz bezala! Emakume eder baina bihurriek, Txano-gorritxo bezala, adibidez, zigor latza jaso edo arriskuren bat biziko dute, emakumeak otzanak izan eta arauak errespetatu behar dituztelako.
  • Gizona: Heroi ausarta, indartsua, azkarra eta independentea da, abentura zoragarriak bizi eta haren helburu guztiak betetzen ditu, botere handia lortuz. Emakume gazte eta ederren printzepe urdina bilakatzen da,  arriskuetatik salbatu eta seduzitzen dituelarik. Estereotipo honek ez ditu gizon sentibera, ahul, erromantiko edo lotsatirik onartzen.



Ez al da kaltegarria umeentzat ipuin hauek irakurtzea gizarte justu eta berdintsuagoa eraiki nahi badugu? Bai, bada; txikitatik neska eta mutilen jolas berezituei soilik erreparatu behar da. Zorionez badaude bestelako istorioak, genero estereotipoekin apurtu eta sexu bientzako balio komunetan heztea helburu dutenak. Ipuin koedukatiboez ari gara. Horietan pertsonaien rol tradizionalak desagertu eta munduari buruzko ikuspegi zabalagoa eskaintzen da, kulturartekotasuna eta banakoarekiko errespetua bezalako kontzeptuak agertzen direlarik. Batez ere, haien artean eta inguruarekin bat armonian bizitzen ikasi dezaten nabarmentzen da. Horren adibide gisa ipuin hau uzten dizuet, "Cuentos para antes de despertar" bildumako "Koloreak":



Zer gertatuko litzateke umeei halako baliabideak emango bagenizkioke? Haien begiak zabaldu behar ditugu, hedabideetan eta haien eguneroko bizitzan ikusten dituzten elementu sexistak irizpide kritikoz aztertu eta baztertu ahal izateko. Hurrengo estekan hezkidetzarako ipuin gehiago gomendatzen dira:

https://porteonatural.wordpress.com/2015/06/06/22-cuentos-para-coeducar/


JOSTAILUAK

Umeei zuzenean bideraturiko produktu hauek genero ikuspuntutik bereziki arriskutsuak izan daitezke. Izan ere, jolasaren bidez umeak errealitatearekin lehenengo kontaktua izaten du, inguruak helarazitako balioak, sinesmenak, itxaropenak … barneratuz. Elementu guzti hauek eragin izugarria daukate pertsonaren garapen pertsonal eta kognitiboan. Horregatik, haurrari jolas mota jakinera mugatzeak haren gaitasunak ere murriztea ekarriko du.

Sergi Fabruega psikologoak adiera eman bezala, jostailuetan bereizketa sexista egoten da oraindik ere eta horrek haien garapenean ere bereizketa ekarriko du. Badirudi arlo horretan ez dugula gehiegirik aurreratu, izan ere, jostailu denda batera sartzean argi eta garbi ikusten da estereotipoen barrera oraindik ez dugula gainditu: alde batean, zonalde arrosa; panpinak, jostailuzko sukaldeak, printzesa mozorroak … eta bestean zonalde urdina; autoak, eraikuntza jolasak, pistolak … Horiek guztiak neskak eta mutilak nolakoak izan behar direnari buruz mezu argia islatzen dute eta umeek 4-5 urtetik aurrera guztiz barneratu dituzte, haien interesak eta gustuak baldintzatzen dituztelarik.

Zorionez, badaude Kantabriako Gobernuko Emakumearen Zuzendaritza Orokorretik ailegaturiko proposamenak bezalako alternatibak, pertsonaren garapen integralaren alde egiten dutenak; pertsona sentiberak, adikorrak, autonomoak, inteligenteak, haien emozioak kudeatzen dakitenak hezteko, horretarako tradizionalki balio maskulinoak eta femeninoak izan direnak hurbildu behar direlarik.


Gida didaktiko honetan haurraren garapen mailaren araberako (ez ordea genero rolen arabera) jostailuak  gomendatzen dituzte, neska zein mutilentzako aproposak direnak. Biek ikasi dezakete bideojokoekin edota futbol pilotarekin jolasten, zein haurreri arropa jartzen eta elikatzen … Bestetik, jostailurik gabeko jolasetan ere sexismoa alboratu behar dugu, mutilei etxetxoetara jolastea ahalbidetuz zein neskak ere korriketan ibiltzera animatu. Jolas misto eta kooperatiboak ere hezkidetzarako bidea osatu dezakete.

Gabonak heltzear daude, gogoan izan orain arte irakurritakoa eta kontuz zer oparitzen duzunarekin! 



INGURUAREN ERAGIN SEXISTAK (II) : PUBLIZITATEA


Kantar Mediak elkarteak eskainitako azken datuen arabera, 4-12 urte bitarteko ume espainiarrek, batez bestez, egunero bi ordu eta erdi ematen dituzte telebista ikusten. Datu honek, ohiko kezkak sortzeaz gain (ba al da osasuntsua hainbeste ordu horretan inbertitzea? Ez al da komenigarriagoa haien denbora beste gauza batzuetan ematea? …), bestelako zalantzak ere eragin beharko lituzke, hala nola, telebista aurrean dauden denbora horretan, zer ikusten, edo zer ikasten ari dira?

Telebista komunikazio bide oso boteretsua da, ikusleari sentipen eta emozioak zuzenean eragiten dizkio, transmititutako mezua barneratzea erraztuz. Tamalez, heziketa tresna bezala aparteko baliabidea izan arren, askotan, eragin ez-hezitzaile izugarria du. Telebista piztu bezain laster iragarkiak edonon aurkitzen ditugu. Haurrek ere halakoak ikusten dituzte eta gu bezala, publizitateak iragazitako mezu sexistei aurre egin behar diete. Hori dela eta,  abestiekin bezala, helduek telebistan ikusitakoa irizpide kritikoz interpretatu dezaten medioak eman behar dizkiete haurrei. Helburu horrekin, iragarkietan agertu ohi diren elementu sexistak aztertuko ditut:


Isabel Miranda kazetariak adierazi lez, emakumeak oso esplizituki zapaltzen dituen publizitatea (beheko irudietan bezala) ikustea dagoeneko ez da arrunta. Beraz, gaur egun, normalean ez dira ekoizten emakumearen kontra bortizkeria edota mesprezua zuzenean sustatzen dituzten iragarkiak, eta baten bat agertzekotan, jadanik gizarteak horiek identifikatzeko eta salatzeko gai da, 2007ko Dolce&Gabanna-ren iragarki polemikoarekin gertatu zen bezala, non gizon talde batek lurrean botatako emakume bat bortxatuko zutela zirudien.








Tamalez, horrek ez du esan nahi sexismoa publizitatetik desagertu denik. Aitzinean emakumea gizonaren agintepeko zerbitzari otzana bezala irudikatzen bazen, 90 mendetik hona, emakumea gizonen erabilpenerako objektu edo lorpen sexual bat bihurtu da. Eta arazo nagusia zera da, gaurko sexismo berri honek oharkabeturik igarotzen dela. Alejandro Peralesek- Komunikabideen Erabiltzaileen Elkartearen zuzendaria- azalpen argia dauka honetarako: publizitatea gizartearen erreflexua da, horregatik ez gara gai gure eguneroko bizitzan arruntak bezala ikusten ditugun elementu sexistak identifikatzeko. Hau guztiagatik, aurreko irudiak salatzen ditugu, (non emakumea etxeko andre xume gisa agertzen den, gaur egun emakumea lan munduan guztiz sartuta egon arren), baina ez ordea Axe desusangarriak eskainitako iragarki hau:


Bideo honetan agertutako estereotipoak ondo ez identifikatzekotan, Andaluziako Publizitate Ez-sexistarako Behatokiak iragarkietan sexismoa hauteman ahal izateko gida hau eskaintzen du:
1.      Iragarkiak sexistak dira genero rol tradizionalak bermatzen jarraitzen badute.
2.      Emakumearen arrakasta edertasunaren irudi zehatz batekin identifikatzen badu.
3.      Produktu estetikoen bidez emakumearen gorputzaren gain presioa eragiten badu.
4.      Emakumearen gorputza eta adinaren eraginez agertutiko aldaketa biologikoak inperfektuak bezala ikusi eta horiek estali edo zuzendu nahi badu.
5.      Emakumeak menpeko eta borondaterik gabeko izaki gisa agertzen badira.
6.      Emakumeak erabaki ekonomiko garrantzitsuetatik alboratzen baditu.
7.      Emakumeei garbiketa, familiaren elikadura eta zaintzaren rolak esleitzen badizkio.
8.      Emakumeen nahiak ukatu eta besteen nahietara moldatzea natural moduan agertzen bada (superwoman).
9.      Emakumearen gorputza objektu bat edo produktu baten bildukina gisa agertzen bada.
10.  Emakumea bere emozioak zein ekintzak kontrolatzeko ezgai agertzen bada.
Dekalogo honetaz gain, elkarteak bestelako publizitatea egiteko irizpide batzuk eskaintzen ditu, esate baterako, adin eta itxura anitzeko emakumeak agertaraztea; rol tradizionalak alboratzea (gizonek ere sukaldatzen dute!); gizonei bideratutako produktuetan emakumea sexualizatua ez egotea; neska eta mutilen rolak aurkakoak ez izatea; gizon-emakumeen artean agertzen diren erlazioak erakarpen sexualekoak edo sedukziozkoak soilik ez izatea (lagunak eta lankideak ere izan daitezke!); gizonen arteko erlazio desberdinak aurkeztea ... Horretaz gain, emakumeei haien buruari buruz duten irudia aldatzera ere animatzen die; batetik izaki autonomoa bezala ikusi behar du bere burua, laguntza maskulinorik gabe erabakiak har ditzakeen pertsona bezala; eta bestetik, edertasuna baino garrantzitsuagoak diren helburuak daudela onartzen badute.

Klasean gai hau lantzeko eta ikasleek benetako kontzientzia hartzeko, zer deritzozue irizpide hauek jarraituz  iragarki bat egin dezaten eskatzen badiegu?


INGURUAREN ERAGIN SEXISTAK (I) : MUSIKA

Gauza jakina da haurrek ingurutik jasotako edozein estimulu edo informazioa erraztasun handiz xurrupatu eta barneratzen dutela. Horregatik, kontu handiz ibili behar gara gure egunerokotasunean (eta ez bakarrik eskolan) agertzen diren elementu sexistak identifikatzeko eta horiei aurre egin ahal izateko. Hala ere, hedabideetatik eta kontsumotik datozen eragin ez-hezitzaile guzti horiek- gehienetan ohartu gabe barneratzen ditugunak- ezin ditugu desagerrarazi, gure eskuz kanpo gelditze baitira. Orduan, nola hezi ditzakegu ikasleak eredu sexista horiekin ez identifikatzeko? Lehenik eta behin, arazoaz kontzientziatuz, eta bestetik, horiek alboratzeko tresnak zein izpiritu kritikoa emanez.
Sarrera honetan zein hurrengoetan, ume eta gazteengan eragin gehien duten eta gure kultura hoberen islatzen duten zenbait arlo aztertuko ditut, horietan estimulu sexistak identifikatu eta salatu nahian.





Atal honetan musikaz arituko naiz eta hura garatzeko, Kanarietako gobernuak genero indarkeriaren prebentzio neurri gisa egindako “MP3 ¿Reproduces sexismo?” gidaz baliatuko naiz. Gazteei bideratutako gida didaktiko honetan, egunero entzuten diren 30 abesti ezagunetarikoen inguruan ikerketa sakona egin dute, zenbait ondorioetara ailegatuz: abestien %77a gizonek interpretatzen dituzte, gai nagusia desamodioa da (%60) eta emakumearen irudiari dagokionez %20ak objektu sexual bat bezala ikusten du eta %42an jarrera pasibo batean agertzen dira. Gehienetan emakumea abeslaria denean agertzen diren amodio erlazioak mingarriak izaten dira, gizonek abesten dutenean, aldiz, haien hizkuntza konnotazio sexual askoz handiagoa du.



Horretaz gain, abestiak hiru multzotan sailkatu dituzte, horiek aztertzeko baliabideak emanez. Alde batetik, sexismoa erreproduzitzen duten abestiak aurkitzen ditugu, genero estereotipoak eta amodio erromantikoari buruzko mitoak transmititzen dituztenak. Bestetik, tratu txarrak ematen dituzten abestiak ere daude, sexismo bortitz baten eta emakumeenganako indarkeriaren apologia egiten dutenak. Azkenik, prebenitzen duten abestiak daude, genero indarkeriaren gaia tratatu eta arazoa modu egokian ikustarazten dutenak.

Sexismoa erreproduzitzen duten abestien artean Amaralen hit ezaguna aurkitzen da: Sin ti no soy nada. Gida honek proposatzen digun ariketa aurkezteko aprobetxatuko dugu abesti hau, gelan lantzeko jarduera oso interesgarria izan daitekeena. Ariketa honetan, lehendabizi abestia entzun edo letra irakurriko da, ondoren hausnartzeko galdera batzuk eztabaidatuko dira eta amaitzeko, erreproduzitzen dituen mitoak edota estereotipoak identifikatuko dira.


   

Hausnarketarako galderak:

  •  Behatu titulua, ¿ zer bururatzen zaizu?
  •  Erlazio batean, hasierako hilabetetako amodio sutsu eta erromantikoa betirako iraun ahal (eta behar) duela sinetsi ohi da. Hala ere, ikerkuntza anitzak seinalatu bezala, amodio sutsu horrek iraungitze-data omen du.
  • Amaralek esaten du “daría lo que fuera por ser como siempre los dos mientras todo cambia”. Hori posiblea dela uste duzu? Baikorra al da?  Pertsonak aldatzen bagoaz ez al da normala harremanak ere aldatzen joatea?

Zer erreproduzitzen da?

  •           Iraunkortasunaren mitoa
  •           Existentziaren erdigunea beste pertsona izan behar da
  •         “Amodioa dena da” mitoa
  •           Emakumea menpeko edo izaki ahul gisa