generoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
generoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

GENEROKO BRETXA DIGITALA

Bretxa digitalaz hitz egiten dugunean IKT-ak erabiltzen dutenenen eta ez dutenen arteko desberdintasun sozioekonomikoei erreferentzia egiten diogu. Modu honetan, desberdintasun horien jatorriaren arabera, 3 bretxa mota bereizten dira. Lehenengoa, ekonomikoa, sarbidearekin dago erlazionatua. Bloke honetan bi kategoria desberdin bereizten dira, batetik teknologia izatea edo ez izatearena (gaur egun herrialde aberatsetan ia gaindituta dagoena), eta bestetik teknologiaren garapen azkarrak eragindakoa, zeinen ondorioz kalitate eta potentzia oso desberdineko gailuak erabiltzen ditugu (ez dira berdinak 50 euro edo 600 balio dituen mugikorra). Bigarren bretxa, kulturala, teknologiaz egiten dugun erabilpenaren araberakoa da eta hainbat faktorez baldintzatuta dago: erabiltzailearen gaitasunak, kultura eta hezkuntza maila … Hirugarrena, instituzionala, eskolarekin zuzenean dago harremanduta. Izan ere, eskoletan baliabide fisiko nahiko izan arren, irakasleen ezjakintasuna edo borondate faltagatik horiek ez dira erabiltzen.

Baina zer harreman dauka guzti honek genero desberdintasunekin? Ba, datuek erakutsitakoaren arabera, gizonekin alderatuta, emakumeek IKT-ak nabarmenki gutxiago erabiltzen dituztela edo etekin gutxiagoa ateratzen dietela. Egoera honek generoko bretxa digitala deiturikoa agertzea eragin du. 2012an argitaratuko ikerketa batek halako datuak agerian uzten zituen:




Datu hauek erabiliz, Emakumearen Institutuak hainbat ondorio atera ditu. Horien artean bretxaren arrazoiak aurki ditzakegu:
  • IKT-een erabilelpen masiboa lan munduaren bidez etorri zen gehienbat eta emakumeak merkatura astiroago edo geroago sartu zirenez, gizonek abantailarekin hasi zirela esan dezakegu. Gainera, emakumeen langabezi tasa altuagoa da, beraz emakume gehiagok ez daukate lanean bez konektatzeko aukerarik.
  • Emakumea gehienbat hezkuntza, osasuna edota zerbitzu sozialak bezalako sektoreetan lan egiten du, eta horiek ez daude beste batzuk bezain informatizatuak.
  • Gizonek dira gehienbat ekipo informatikoak hautatzen eta erosten dituztenak.
  • Emakumeak ordu gehiago ematen dituzte etxeko lanetan eta zaintza zereginetan, bestelako jarduerak egiteko denbora kentzen diena.


Eta, zein ondorio dakartza?
  • Emakumeek zailtasun gehiago dituzte prestakuntza plataforma online-tara sartzeko.
  • Emakumeek enplegua bilatzeko zailtasun handiagoak dituzte, Internet horretarako funtsezko baliabidea baita.
  • Egokitzapen teknologiko faltagatik, lana mantentzeko edo mailaz igotzeko zailtasunak.
  • Tramite administratiboak Interneten bidez ezin egin izatea.
  • Internetek eskainitako informazio guztiari sarbiderik ez izatea.

Horretaz gain, “¿Por qué las chicas no quieren ser ingenieras?” artikuluan, El Mundo egunkariak generoko bretxa digitalarekin estuki lotutako gaia tratatzen du OCDE-ak egindako ikerketan oinarrituz. 2015eko datuen arabera, karrera teknikoetan ikasleen %25a soilik dira emakumeak eta kopurua behera egin du urtez urte. Egoera honek IKT-en ezagutza eta erabilpen teknikoa gizonen eskuetan ia esklusiboki jartzen du. Baina, zer dela eta gertatzen da hau? Arazoak txikitatik hasten dira, familian alegia. Gurasoek espektatiba ezberdinak izan ohi dituzte haien seme-alabei buruz eta horiek modu kontziente zein inkontzientean azalerazten dituzte, haurren pertsonalitate eta gustuen garapenean eragin handia izango duenak. Aurreko sarreretan aztertu bezala estereotipo horiek bete medioen bidez ere ( publizitatea, jostailuak …) ailegatzen zaiela uste dut.


Honi matematikekiko mesfidantza gehitu behar diogu. Ikerkuntzaren arabera, “15 urterekin neska gehienak zalantzati sentitzen dira irakasgai honetan; erdiak baino gehiago materian txarrak direla esaten dute. Urduritasun gehiago daukate eta haien buruari gehiago exijitzen diotenez, txarto ez egitearren amore ematen dute. Beste batzuen ustez arazoa karrera enfokatzeko ikuspuntuan datza, neskek karrera sozialengatik erakarriago sentitzen direlako eta ingeniaritzak oso karrera abstraktuak bezala ikusiak dira. Lina Nilsson, “Innovación en el Centro Blum para Economías en Desarrollo” proiektuaren zuzendariaren esanetan “lan horiek eduki sozialagoa izango balute emakume askoz gehiago matrikulatuko litzateke”.  Berak martxan jarritako doktoratuan, non, besteak beste, ur edangarria modu merkean lortzeko bideak uztartzen diren, ikasleen %50 neskak izatea lortu du; datu esanguratsua eta haren teoria babesten duena.

Azkenengo arrazoia emakume ingeniarien ikusgarritasun falta da. Karrera teknikoetan oso emakume irakasle gutxi daude, Europar Batasun osoan ingeniarien artean %86a gizonak dira eta horretaz gain, eskoletan lorpen garrantzitsuak izan dituzten emakumeak alboratzen jarraitzen dira; denek baitakite nor den Nail Amstrong baina gutxik ezagutzen dituzte Hedy Lamarr, Grace Hooper edo Valentina Tereshkova bezalako pertsonalitateak.

Desberdintasun hauekin bukatzeko asmoz, adituek koedukazioan heztea proposatzen dute, besteak beste, karrera teknikoen irteera sozialei buruz gehiago informatuz (eta ahal bada emakumeen eskutik), neskek haiengan duten konfiantza areagotzeko neurriak ezarriz eta irakasleei genero ideologiaren inguruan prestakuntza eskainiz.





NORA GOAZ: HEZKIDETZA EDO ESKOLA EZ-SEXISTA

Aurreko sarreran aztertu bezala, gaur eguneko berdintasun arazoei (emakumeen soldata eta status baxuak, estereotipoak, sexismoa, matxismoa, genero indarkeria …) aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da hezkidetza eskoletan sartzea. Baina, zer da hezkidetza? Wikipediaren arabera “Hezkidetza, baterako hezkuntza edo koedukazioa, pertsonak bere berezitasunen arabera, generotik at egiten den hezkuntza da. Hau da, irizpide sexistei jarraiki gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe heztea da.”

Hezkidetzak gure arteko ezberdintasun nagusienak kulturalak eta ez biologikoak direla sinesten du. Izan ere, Margaret Mead antropologoak aztertu bezala, emakume eta gizonei atxikitako gaitasunak garai batetik bestera eta gizartearen arabera aldatzen baitira. Ezberdintasun horiek bereizteko sexu eta genero kontzeptuak sortu dira. Lehenengoak norbanakoaren  organo genitalei eta erreprodukzio funtzioari  egiten dio erreferentzia eta bigarrena jaiotzetik sexu bakoitzerako bereizitako arau sozialen multzoa da, norbanakoaren jokabidea baldintzatzen duena. Sexua ezaugarri biologiko eta genetikoen araberakoa da, generoa berriz, pertsona bakoitzak jaiotako leku eta momentuaren araberakoa. Beraz, emakume eta gizonen rolak aldakorrak dira, nahiz eta tradizionalki gizarte patriarkaletan femeninoa maskulinoaren menpe egon den.

Hierarkizazio edo desberdintasun kultural hauek sexismoaren bidez ezarri dira. Herrialde garatuetan sexismoa alboratu dela sinestarazi den arren, oraindik ere eragin handia du gizartean. Arazoa zera da; jadanik hezkuntza legeak neska eta mutilen artean bereizketarik egiten ez dituen eta modu honetan berdintasun formala lortu den arren, errealitatean ez gara benetako berdintasun batera ailegatu. Hau da, eguneroko harreman sozialetan “arruntak” diren jarrera diskriminatzaileak onartuak daude, gizartean indartsuki errotutako praktika eta ideologia sozialaren parte direlako.  Hori dela eta, egungo koedukazioaren helburu nagusia Curriculum ezkutuaren bidez modu ez formalean transmititzen diren diskriminaziozko elementu horien desagerpena da. Horretarako, eskolan oraindik ematen diren sexismo motak identifikatzeko bost arlo aztertu dira:


  •  Emakumeen posizioa irakasle gisa: hezkuntza arloan emakume asko lan egiten duten arren, haien estatusa gizonena baino baxuagoa izan ohi da. Ikasleen adina eta eskola zikloko prestigioa gora egin ahala, andereinoen proportzioa behera egiten du. Diskriminazio honi aurre egiteko, emakumeen promozioa bultzatzen duen politika ezarri behar da. Orden sexista honek ikasleengan ere eragin negatiboa du, egitura honen bidez, emakumearen menpeko posizioa “normala” dela indartzen baita.


  •  Zientziaren androzentrismoa: Umeei transmitituriko ezagutza analizatzean, hiru gauzaz ohartzen gara: emakumeak eginiko ekarpen kulturalei buruz ia ez direla aipamenik egiten; emakumeentzako interesgarriak izan ahal diren gaiak ez direla ia jorratzen eta askotan emakumeei buruzko aurreiritziak baieztatzen direla. Ondorioz, mutilak gizonengan hainbat eredu aurki ditzaketen bitartean, neskak ez dituzte emakume boteretsu eta jakintsuen erreferentzia  askorik. Gainera, aurretik neskei soilik irakatsitako ezagutzen (etxearen mantenimenduari eta umeen zainketari buruzkoak) desbalorizazioa gertatu da eta jadanik ez dira eskolan ikasten. Baina gizon eta emakumeak etxeko lanak modu berdintsuan banatu ditzaten, horiek txikitatik ikastea ezinbestekoa da. Horretaz gain, irakasleek aurreiritziak dituzte umeen gaitasunei buruz, neskak lengoaian eta mutilak matematiketan onak izango direla uste baitute eta espektatiba ezberdin horiek ikasleen artean emaitza ezberdinak ere eragiten dituzte (Pigmaleon efektua).


  •   Lengoaiaren androzentrismoa: gazteleraz lengoaiaren erabilpen sexista egiten da, adibidez, bi sexuko pertsonak dauden taldea aipatzeko edo lanbide prestigiosoak izendatzeko genero maskulinoa erabiltzen denean. Honi esker, identitate femeninoko pertsonen presentzia disimulatzen da. Lexikoan ere kontzeptu sexista asko aurki ditzakegu, modu honetan, termino bat konnotazio negatiboa du forma femeninoan eta positiboa maskulinoan. Gazteleraren %80-ko zama sexistaren aurrean, euskararena %5-ekoa da soilik. Amaia Alvarez Uriak ikerlariak adierazi bezala “Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre)”. Horretaz gain, Linda Whitek “genero kutsadura” deitzen duena ere gertatzen da euskaraz; izen neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea)


  • Testu liburuak eta haurrentzako ipuinak: hezkuntzan erabilitako liburuetan ilustrazio gehienak gizonenak dira eta emakumeen lanbideak agertzean haien rol tradizionalei egiten diete erreferentzia. Irudi horiek umeen ereduak ezarri eta estereotipoak bermatzen dituzte, horregatik dira sexismoaren eragile hain garrantzitsuak.

  • Eskolako interakzioa: Eskolak, ezagutzak transmititzeaz gain, irakasle eta ikasleen arteko harremanen bidez  jokabide eta erlazio ereduak ere ezartzen ditu, umearen nortasunean eta autoestiman eragin handia dutenak. Hainbat ikerketa erakutsi bezala, harreman horiek askotan sexismoa azaleratzen dute, hala nola, irakasleek arreta gehiago zuzentzen dietelako mutilei. Zergatik gertatzen da hau? Batzuen arabera mutilen jokabidea kontrolatzeko zailagoa delako edota neskak gehiago distraitzen direlako. Beste batzuen arabera, sistema produktiboak gizonei atxikitako baloreen (agresibitatea, lehia…) transmisioari ematen dion garrantzia da bereizketa honen arrazoi nagusia, izan ere balore femeninoak alde batera utzi izan dira. Horretaz gain, umeei diziplina eta ondo portatzea irakasten zaien arren, mutil batek arauak haustean positiboki baloratzen da (nahiz eta esplizituki ez den esaten eta hura zigortzen den) izaera aktibo eta sendo baten erreflexu delako. Neskak ondo portatzen direnean, aldiz, mantsotasun eta pertsonalitate faltaren seinale gisa hartzen da eta txarto portatzen direnean zorrotzago zigortzen zaie. Beraz, mutilek egiten duten guztia gehiago baloratzen da, nahiz eta nesken jokabidea gehienetan hezkuntza sistemak ofizialki ezarritakoarekin bat egiten duen. Nola erantzuten diete neskak diskriminazio honi? Haien jokabide pasiboa areagotzen da eta rol sekundarioa hartzen dute, gehiago ikasiz eta nota hobeagoak lortuz; arau hausteak ez dielako abantailarik suposatzen. Hortaz, bereizketa sexistak ez du nesken emaitza akademikoetan eragin negatiborik, bai ordea haien ibilbide profesionalean edo arlo publikoan, non zalantzatiagoak izango diren.


Hortaz, eskola mistoak ez du genero berdintasuna lortu, emakumeak gizonen munduan sartzea soilik saiatu delako, balore maskulinoak gailenduz. Koedukazioa ez da zentro bera konpartitzera mugatu behar, eskola ez sexista eraiki behar du. Horretarako, orain arte debaluaturiko ezagutza, gaitasun eta jarrera “femeninoak” bultzatu behar dira,  neskeei “mutilen” lanbidetan sartzera motibatu behar diegu, eta emakumeek haien buruarengan duten konfiantza sendotu, arlo publikoan parte hartze gehiago izan dezaten. Aurreko bost puntuekin erlazionaturiko bestelako neurri batzuk hauek izan ahal dira: emakumeen ekarpenak erakusten dituzten liburuak edota materialak erabili; zientzia eta teknologia ikuspegi sozialetik baloratzeko programak martxan jarri, emakumeek lanbide horiek hautatu ditzaten; eskolan osasuna, sexualitatea, etxeko eginkizunak eta harreman afektiboekin erlazionaturiko ezagutzak lantzea; eta zentroak profesionalen artean emakumeak kontuan hartuak izatera bultzatu.

Posiblea da hezkuntzan aldaketa hau burutzea? Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizartean oso errotuak dauden hainbat estereotipo eta jarrera diskriminatzaileak eragin ditu. Horien desagerpena gizartearen eraldaketa prozesu sakonaren ondorioz soilik emango da eta transformazio hura eskolatik hasi behar da, horretarako, eskolan umeei pentsamendu zein jokabide sexistak detektatzen eta zuzentzen lagundu behar zaielarik. Hezkuntzak ezin ditu desberdintasunak ezabatu, baina horiek murriztu ditzake eta berdintasuna lortzeko ezinbesteko elementua da.

Hona hemen hezkidetza bere Curriculumean integratu duen ikastetxe bat:




NONDIK GATOZ: ESKOLA BEREIZTUA ETA MISTOA



Gaur eguneko egoera aztertu baino lehen, emakumearen eboluzio sozialari buruzko ikuspegi zabala eskaintzea gustatuko litzaidake. Horretarako, prehistoriatik aro garaikidera arte bidai bat egingo dugu. Emakume eta gizonen rolak etengabeko aldaketak pairatu dituzte historia osoan zehar, rol horiek garai bakoitzeko eredu ekonomiko eta sinesmenekin estu lotuta zeudelarik.

Duela milioi bat urte, munduan gizarte biltzaileak ziren nagusi; gizonek ehizatzen zuten bitartean, emakumeek umeen zainketaz eta fruituak biltzeaz arduratzen ziren. Modu honetan, haien gaitasun fisikoen arabera lan rol ezberdinak ezarri ziren, baina estatus bera mantendu zuten. Aro neolitikoan, ordea, nekazaritzaren hedapenarekin batera sexuen polarizazioa eman zen. Alabaina, lurra tramankulu astunak erabiliz lantzen hasi ziren eta honek lan munduan emakumearen baztertzea suposatu zuen, ahurdun zegoelarik ezin baitzuen halako lanabesik maneiatu. Hau dela eta, haren betebeharrak umeak heztera mugatu ziren, gizonek herria defendatzeaz eta elikagaiak produzitzeaz arduratzen ziren bitartean. Horretaz gain, teknika berrien erabilpena beste iraultza bat ekarri zuen: gizonaren emantzipazioa. Izan ere, produktibitatea handitzean, gizonek ez zuten egun osoa lan egiten eman behar eta haien denbora librea kulturan eta erlijioan dedikatu zezaketen.

Gauzak halako gisan mantendu ziren Aro Modernora heldu arte. XVII. mende bukaeran, Industrializazioan, gizakiok lurra indar fisikoaren bidez lantzeari utzi genion eta makinen energiaz baliatu ginen natura eraldatzeko. Beraz, historian lehen aldiz, norberaren indarrak ez zuen bere botere kulturala determinatzen. Honi esker, feminismoa deituriko ideologia sortu zen. Emakumearen askatasunaren aldeko mugimendu honek aurre-pauso handiak eman zituen, hala nola, emakumeek botoa emateko eta haien buruaren jabe izateko eskubidea lortu zuten, lan munduan berriz sartu ziren…

Garai horretan, hain zuzen ere, hasi ziren emakumeak eskolara joaten. Aitzinean familia diruduneko neskek soilik  nolabaiteko heziketa (batez ere literatura eta artetan zentraturikoa, goi mailako topaketa sozialetan elkarrizketa interesgarriak mantentzeko gai izatera bideratuta) jaso ahal izan bazuten ere, eredu ekonomiko berriaren eraginez, klase xeheko neskak ere lanerako gaitasunetan hezteko beharrizana sortu zen. Modu honetan, idazten, irakurtzen eta zenbatzen ikasi behar zutela xedatu zen. Hala ere, eskolak bereiziak ziren eta biztanleriaren gehiengoa defendatutakoaren arabera, neskek kultura handirik ez zuten behar; horrek haren andregaia eta amaren funtzioetatik urrundu ahal zielako. Horregatik, legeak sexu bakoitzerako eskola eta hezkuntza bereiziak ezartzen zituen: nesken hezkuntza erlijioaren eta etxeko lanen inguruan zentratu behar zen eta ezin zuten erdi edo goi mailako ikasketak egin.


“La educación de las mujeres siempre debe de ser relativa a los hombres: agradarnos, sernos de utilidad, hacernos amarlas y estimarlas, educarnos cuando somos jóvenes y cuidarnos cuando somos adultos, aconsejarnos, consolarnos, hacer nuestras vidas fáciles y agradables”.
-Rousseau, "El Emilio"

XIX. mendearen amaieran, eskola mistoa defendatzen hasten da; emakumeak gizonen pareko hezkuntza jaso dezaten eta goi mailako ikasketak egin ahal ditzaten. AEBen eta hegoalde Europako herrialde protestantetan eskola mistoa lehenago ezartzen da. Gainerako herrialde katolikoetan, berriz, ez daude baliabide nahikorik hura ezartzeko edo oraindik ere oposizio handia jasotzen du. Beste alde batetik, emakumearen emantzipazioaren aldeko borrokak garai hartako korronte pedagogikoetan eragin handia du; burges liberalen Eskola Berriak, esate baterako, koedukazio proposatzen du berdintasunezko gizarte demokratikoa lortzeko. Eskola berritzaile horiek Espainiako Bigarren Errepublikako eskola mistoko aurrekariak izan ziren. Gerra Zibilaren ondoren, aldiz, eskola mistoak debekatu ziren eta Elizak, Falangearen Sekzio Femeninoarekin batera, hezkuntzaren ardurapena berriz hartu zuen. Honen eraginez, XVIII. mendeko hezkuntza eredura bueltatu ginen.



Diktaduraren azken urteetan, 1970ko lege berriak eskola mistoa onartu eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorra ezarri zuen, zeini esker itxurazko berdinketa lortu zen bi sexuen artean. Hala ere, gaur egun agerian geratu denez, neska eta mutilak espazio berean batzeak ez ditu gizarteko benetako arazoak konponduko eta horregatik, planteamendu berri bat ezarri behar dugu eskoletan: Hezkidetza.

GENERO IKUSPEGIA ZERTARAKO

Blogari hasiera emateko eztabaida handia sortutako bideo batekin hasi nahi dut. Harald Eia kazetari norvegiarrak burututako dokumental honetan, zalantzan jartzen da “Genero ideologia” deiturikoa eta bere eragina hain handia izan zen zein 2011ean, Osloko Genero Institutua (NIKK) itxi egin zuten. Hemen uzten dizuet erreportaje polemiko hura, apur bat luzea izan arren, ikustea guztiz merezi duena:



“Buru jatea: berdintasunaren paradoxa” izenburuarekin argitaratutako bideo honetan ikusi bezala, kazetariak ikerlari norvegiarrek genero ikuspegiaren inguruan dituzten teoriak kolokan jartzen ditu, premisa honetatik abiaraziz: ¿nola da posible Norvegia ONU-ren arabera berdintasun handiena daukan herrialde bada, emakume eta gizonen arteko bereizketa tradizionala oraindik egotea? Bereizketa honen adierazle gisa, esate baterako, lanpostuetan rolak finko jarraitzen dutela (emakumeak erizainak eta gizonak ingeniari) erakusten du.

Are gehiago, Osloko Zientzia Naturaleko unibertsitateko Camila Schreinerrek 20 herrialde desberdinetan aurrera eramandako ikerkuntzan, desberdintasun larriagoak dauden lurraldeetan neskak materia zientifiko teknikoetan herrialde berdintsuagoetan baino interes handiagoa daukatela ondorioztatzen da. Beraz, ikerketa honek zenbat eta genero bereizketa gutxiagoa egon emakumeek eta gizonek orduan eta interes antzekoagoak izango dituztenaren uztea ezeztatzen du.

Paradoxa honi erantzuteko asmoz, Herald-ek, batetik Genero Ideologia defendatzen duten ikerlari norvegiarrak elkarrizketatzen ditu, zeinen arabera emakume eta gizonen arteko desberdintasun guztiak ingurutik jasotako eragin soziokulturalen ondoriozkoak diren. Bestetik, AEB-ko zein Ingalaterrako beste ikerlari batzuekin biltzen da, zeinek emakume eta gizonen garunetan ezberdintasun biologikoak daudela defendatzen duten.

Generoen teoria defendatzen dutenen artean, Catherine Egeland-ek- Lan Ikerkuntzako Institutuko partaidea- eta Martin Aurdal kazetariak neska eta mutilen aurrean desberdin jokatzen dugula mantentzen dute. Jarrera inkontziente hauen bidez- erabilitako ahots tonutik hizkuntzara doazenak- umeei haiengandik dauzkagun itxaropenak transmititzen dizkiegu, haien etorkizuneko jokabide eta interesak baldintzatuko dutenak. Hori dela eta, hasieratik haurrak berdin tratatuko bagenitu interes berdinak garatuko luketela uste dute, lanpostuetan ematen den bereizketarekin amaituz.

Aurrekoen ildo beretik, Jorgen Lorentzenek- NIKKeko kidea- jatorri biologikoko desberdintasunak ukatzen ditu; bai inteligentzia zein emozio aldetik berdinak garela ezarriz. Anniken Huitfeldek ere, Haurtzaro eta Berdintasun ministra ohiak, neskak zientzietan okerragoak direla ezeztatzen du. Bestetik, Kristin Milek- berdintasunaren aldeko bitartekaria- familia eta inguru sozial hurbiletik at beste arrazoiak aipatzen ditu; jostailuak, batik bat. Izan ere, jostailuak estereotipo tradizionalak bermatzen jarraitzen dute: sukaldaritza, edertasuna eta printzesak neskentzat eta abentura zein akzioa mutilentzat.

Kontrako aldean, genero desberdintasunak jatorri biologikoa ere dutela defendatzen duten zenbait zientifikoek burututako ikerketak aurkezten dira. Horien artean, Richard Lippak- psikologiako irakasle estatu batuarra- 53 herrialdetan egindako ikerketarekin gizon eta emakumeek zein lanpostu mota nahiago zituzten ezagutzen ahalegindu zen. 200.000 pertsona mundu osoan erantzundako inkesta honen arabera, gizonek materia teknikoetan interes handiagoa zuten, emakumeak pertsonekin lan egitea nahiago zuten bitartean. Emaitza horiek herrialde guztietan ematen zirela ikusirik, kultura ezberdinak zituztela gora behera, desberdintasun horien jatorria biologikoa eta ez kulturala izan behar zela ondorioztatu zuen.

Genero ezberdintasunak txikitatik ematen diren edo ez jakiteko, Trond Diseth medikuak beste ikerketa bat eraman du aurrera, zeinetan 9 hilabeteko haurrei jostailu desberdinak ematen zitzaien aukeran. Test horren emaitzen arabera, mutilek jostailu “maskulinoak” eta neskak “femeninoak” nahiago zituzten. Ikerlari honek ez du uste hain edade goiztiarrean inguruak eragin handiegirik izan ahal duenik eta horregatik faktore biologikoei atxikitzen die bereizketa hau. Beraz, Diseth-en ustez, gure sexuaren arabera gaitasun eta jarrera zehatzekin jaiotzen gara, aurrerago inguruak desberdintasun horiek areagotu edo murriztu dezaketelarik. 

Teoria honen beste defendatzaile batek, Simon Baron Cohen psikiatra ingelesak, testosteronak burmuinaren garapenean duen eragina aztertu zuen. Mutilek neskak baino testosterona bikoitza ekoizten dute eta kantitate honek gure jarrerak ere baldintzatzen dituztela frogatu zuen. Ikerketa honetan hormona maskulinoaren presentzia handiagoa zuten mutilek hizkuntzaren garapen geldoagoa zutela eta begietara gutxiago begiratzen zutela frogatu zuen. 8 urte izan arte jarraipena egin zieten, testosterona gehiago ekoizten zutenek enpatia gutxiagoa eta objektuen funtzionamenduari buruzko interes gehiago garatu zutela ondorioztatuz.

Anne Campbell Ingalaterrako psikologoak Darwinen teoria ebolutiboan oinarritzen da emakume eta gizonen gorputzak zein garunak desberdin garatu direla defendatzeko. Zientzialari honen ustez ezinezkoa da fisiko eta hormonalki hain desberdinak izatea horrek garuna baldintzatu gabe. Beraz, emakumeak mekanismo psikologikoak garatu dituzte erditze eta elikatze zereginak errazago eramateko. Hori dela eta, enpatia handiagoa eta taldean mantentzeko tendentzia izan ohi dute, lan sozialekiko interes “femeninoa” azalduko lukeena.

Amaieran, hasierako galderari erantzun nahian, kazetariak Camila Schreinerrek egindako ikerketa zientzialari ingeles horiei erakusten die, zera ondorioztatuz: gero eta askeagoa izan, orduan eta gure inklinazio naturalak jarraitzeko aukera gehiago dauzkagula. Hau da, Indiako neska batek ingeniaritza ikastea erabaki du, ez bereziki gustatzen zaiolako, baizik eta arrazoi ekonomikoak direla eta diru gehiago emango dion lanpostua behar duelako. Norvegiako neska batek, aldiz, haren joera genetikoa trabarik gabe jarraitu ahal izango du eta erizaintza bezalako ikasketa sozialagoa egin.


Hala ere, nik ateratako ondorioak beste bide batetik doaz. Nire aburuz, gure arteko ezberdintasunen jatorria edozein dela ere, kulturak eta testuinguru sozialak desberdintasun horiek murriztu edo areagotu (baita desberdintasun berriak gehitu ere)  ditzaketela argi dago, eta eremu horretan norbanakoak bai daukala ardura garrantzitsua. Dena dela, alderdi biologikorik existitzen ez delarik ez dut esan nahi, baina inguruak askoz ageriko eragina dauka gugan. Beraz, irakasleok berdintasunean hezteko gai izan beharko ginateke; neska zein mutilei etorkizunari begira aukera zabala eskaini ahal izateko, haien sexua alde batera utziz. Honek askatasun gehiago emango die erabakiak hartzerako orduan; haien gustuak eta interesak mugatu eta rol jakinetara bideratu gabe. Horregatik, borrokatu dezagun gizarte justuago eta berdintsuago bategatik, non emakumeek gero eta parte hartze eta ikusgarritasun handiagoa duten.