eskola eredua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
eskola eredua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

EMAKUMEEN HEZKUNTZA MUNDUAN ZEHAR

Orain arte, blogean zehar emakumearen egoera gehienbat lehenengo munduko herrialdetan aztertu dugu. Baina, bestelako errealitateak bizi dituzten eta gurean baino askoz bidegabekeri latzagoak jasaten dituzten emakumeak ere daudela ez dezagun ahaztu. Zoritxarrez, egonkortasun ekonomiko eta politiko nabaria duten lurralde horietan, emakumearen egoera askoz okerragoa da. Hemen benetako berdintasunik oraindik lortu ez dugula ikustarazteko borrokatzen badugu, Asia eta Afrikako hainbat zonaldetan emakumeek gizonen pareko eskubideak modu ofizialean onartzea bez ez dute lortu. Bertako gobernuek, askotan lider erlijiosoak buru gisa dutenek, trabak besterik ez dituzte jartzen emakumearen emantzipazio prozesurako, askotan ONG atzerritarren eskuetan soilik geratzen dena.

PNUD-ek (Programas de Naciones Unidas para el Desarrollo) 2010ean egindako informearen arabera, genero arloan berdintasun gutxiren daukaten lehenengo 10 herrialderen artean, 8 Afrikan daude, horien artean Namibia, Mozambike eta Errepublika Zentro Afrikarra aurkitzen direlarik. Jeni Klugmanen- informearen autorearen- esanetan, “neska eta emakumeei gizonen hezkuntza, arreta medikoa, eskubide legal eta ordezkatze politiko berdinak eskaintzeak, sozialki bidezkoa izateaz gain, biztanleri guztiaren garapenerako onuragarria da”. Garapenean abantaila horiek azaltzeko, hona hemen Intel for Change elkarteak egindako promozio bideoa:




Bideoan ikusitako datuen arabera, mundu mailan 66 milioi neska ez dira eskolara joaten eta honek ondorio latzak dakartza neska bakoitzaren komunitatean, hala nola, garapenerako bidean dauden 65 herrialdek 92 bilioi dolar inguru galtzen ari dira emakumeak ez hezteagatik. Askotan, neskek haren familia aurrera atera ahal izateko lan egin behar dutelako gertatzen da hau. Horregatik, pobrezia egoera horretatik atera ahal izateko, gero eta pertsona prestatu gehiago behar dituzte, aurrerapen teknologiko zein sozialak ekarriko dituztenak. Beraz, emakumeek ikastea, ez soilik haien garapen intelektualerako, baizik eta haren inguruan dauden pertsona guztien garapenerako ere onuragarria izango da. Herrialde bateko emakumeen %10ak eskolara joatean, herrialdearen BPGa %3an gora egiten du. Horretaz gain, heziketa jaso duten neskek pobreziatik ateratzeko eta osasuntsuago egoteko aukera gehiago dauzkate. Bestetik, 8 urtez eskolara joan diren neskak 4 aldiz aukera gutxiago daukate haur bezala ezkondua izateko. Emakumeak eskolara joanez gero, seguruenik haren ondorengoek ere hezkuntza jasoko dute, herrialde osoaren etorkizuneko garapenerako lagunduko duena.

Munduko beste puntara bidaiatzen badugu, Asiara konkretuki, bertako egoera askoz hobeagoa ez dela ikus dezakegu. Batez ere, India, Pakistan eta Afganistan inguruko herrialdeetan. Bertan, Taliban izeneko mugimendu politiko militarrak influentzia handia du eta Islama aitzakia gisa erabiliz, kalte izugarriak eragin dituzte biztanleriaren askatasun eta eskubideetan, kaltetu nagusiak emakumeak direlarik. Talibanak agertu aurretiko nesken egoera nahiko latza ez bazen (legez debekaturik egon arren, eremu gehienetan haurrak ezkontzea eta ohorezko krimenak bezalako praktikak ere egiten zituzten), haien menpe erori diren lurraldeak neskentzako eskolak dinamitatzea eta estremismo erlijiosoa ere jasan behar dute.

Gai korapilatsu honekin amaitzeko, Malala Yousafzairen- haren herrialdean Talibanei aurre egin zien eta gaur egun emakumearen hezkuntzarako eskubidea mundu osotik defendatzen duen neska pakistandar ausarta - hitz itxaropentsu batzuekin uzten dizuet:




Hona hemen gure aurrean daukagun beste erronka garrantzitsu bat: haur guztientzako, haien sexua, arraza edota jatorri ekonomikoagatik diskriminatu gabe, hezkuntza unibertsala lortzea!

NORA GOAZ: HEZKIDETZA EDO ESKOLA EZ-SEXISTA

Aurreko sarreran aztertu bezala, gaur eguneko berdintasun arazoei (emakumeen soldata eta status baxuak, estereotipoak, sexismoa, matxismoa, genero indarkeria …) aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da hezkidetza eskoletan sartzea. Baina, zer da hezkidetza? Wikipediaren arabera “Hezkidetza, baterako hezkuntza edo koedukazioa, pertsonak bere berezitasunen arabera, generotik at egiten den hezkuntza da. Hau da, irizpide sexistei jarraiki gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio eta jarrerak kontuan hartu gabe heztea da.”

Hezkidetzak gure arteko ezberdintasun nagusienak kulturalak eta ez biologikoak direla sinesten du. Izan ere, Margaret Mead antropologoak aztertu bezala, emakume eta gizonei atxikitako gaitasunak garai batetik bestera eta gizartearen arabera aldatzen baitira. Ezberdintasun horiek bereizteko sexu eta genero kontzeptuak sortu dira. Lehenengoak norbanakoaren  organo genitalei eta erreprodukzio funtzioari  egiten dio erreferentzia eta bigarrena jaiotzetik sexu bakoitzerako bereizitako arau sozialen multzoa da, norbanakoaren jokabidea baldintzatzen duena. Sexua ezaugarri biologiko eta genetikoen araberakoa da, generoa berriz, pertsona bakoitzak jaiotako leku eta momentuaren araberakoa. Beraz, emakume eta gizonen rolak aldakorrak dira, nahiz eta tradizionalki gizarte patriarkaletan femeninoa maskulinoaren menpe egon den.

Hierarkizazio edo desberdintasun kultural hauek sexismoaren bidez ezarri dira. Herrialde garatuetan sexismoa alboratu dela sinestarazi den arren, oraindik ere eragin handia du gizartean. Arazoa zera da; jadanik hezkuntza legeak neska eta mutilen artean bereizketarik egiten ez dituen eta modu honetan berdintasun formala lortu den arren, errealitatean ez gara benetako berdintasun batera ailegatu. Hau da, eguneroko harreman sozialetan “arruntak” diren jarrera diskriminatzaileak onartuak daude, gizartean indartsuki errotutako praktika eta ideologia sozialaren parte direlako.  Hori dela eta, egungo koedukazioaren helburu nagusia Curriculum ezkutuaren bidez modu ez formalean transmititzen diren diskriminaziozko elementu horien desagerpena da. Horretarako, eskolan oraindik ematen diren sexismo motak identifikatzeko bost arlo aztertu dira:


  •  Emakumeen posizioa irakasle gisa: hezkuntza arloan emakume asko lan egiten duten arren, haien estatusa gizonena baino baxuagoa izan ohi da. Ikasleen adina eta eskola zikloko prestigioa gora egin ahala, andereinoen proportzioa behera egiten du. Diskriminazio honi aurre egiteko, emakumeen promozioa bultzatzen duen politika ezarri behar da. Orden sexista honek ikasleengan ere eragin negatiboa du, egitura honen bidez, emakumearen menpeko posizioa “normala” dela indartzen baita.


  •  Zientziaren androzentrismoa: Umeei transmitituriko ezagutza analizatzean, hiru gauzaz ohartzen gara: emakumeak eginiko ekarpen kulturalei buruz ia ez direla aipamenik egiten; emakumeentzako interesgarriak izan ahal diren gaiak ez direla ia jorratzen eta askotan emakumeei buruzko aurreiritziak baieztatzen direla. Ondorioz, mutilak gizonengan hainbat eredu aurki ditzaketen bitartean, neskak ez dituzte emakume boteretsu eta jakintsuen erreferentzia  askorik. Gainera, aurretik neskei soilik irakatsitako ezagutzen (etxearen mantenimenduari eta umeen zainketari buruzkoak) desbalorizazioa gertatu da eta jadanik ez dira eskolan ikasten. Baina gizon eta emakumeak etxeko lanak modu berdintsuan banatu ditzaten, horiek txikitatik ikastea ezinbestekoa da. Horretaz gain, irakasleek aurreiritziak dituzte umeen gaitasunei buruz, neskak lengoaian eta mutilak matematiketan onak izango direla uste baitute eta espektatiba ezberdin horiek ikasleen artean emaitza ezberdinak ere eragiten dituzte (Pigmaleon efektua).


  •   Lengoaiaren androzentrismoa: gazteleraz lengoaiaren erabilpen sexista egiten da, adibidez, bi sexuko pertsonak dauden taldea aipatzeko edo lanbide prestigiosoak izendatzeko genero maskulinoa erabiltzen denean. Honi esker, identitate femeninoko pertsonen presentzia disimulatzen da. Lexikoan ere kontzeptu sexista asko aurki ditzakegu, modu honetan, termino bat konnotazio negatiboa du forma femeninoan eta positiboa maskulinoan. Gazteleraren %80-ko zama sexistaren aurrean, euskararena %5-ekoa da soilik. Amaia Alvarez Uriak ikerlariak adierazi bezala “Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre)”. Horretaz gain, Linda Whitek “genero kutsadura” deitzen duena ere gertatzen da euskaraz; izen neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea)


  • Testu liburuak eta haurrentzako ipuinak: hezkuntzan erabilitako liburuetan ilustrazio gehienak gizonenak dira eta emakumeen lanbideak agertzean haien rol tradizionalei egiten diete erreferentzia. Irudi horiek umeen ereduak ezarri eta estereotipoak bermatzen dituzte, horregatik dira sexismoaren eragile hain garrantzitsuak.

  • Eskolako interakzioa: Eskolak, ezagutzak transmititzeaz gain, irakasle eta ikasleen arteko harremanen bidez  jokabide eta erlazio ereduak ere ezartzen ditu, umearen nortasunean eta autoestiman eragin handia dutenak. Hainbat ikerketa erakutsi bezala, harreman horiek askotan sexismoa azaleratzen dute, hala nola, irakasleek arreta gehiago zuzentzen dietelako mutilei. Zergatik gertatzen da hau? Batzuen arabera mutilen jokabidea kontrolatzeko zailagoa delako edota neskak gehiago distraitzen direlako. Beste batzuen arabera, sistema produktiboak gizonei atxikitako baloreen (agresibitatea, lehia…) transmisioari ematen dion garrantzia da bereizketa honen arrazoi nagusia, izan ere balore femeninoak alde batera utzi izan dira. Horretaz gain, umeei diziplina eta ondo portatzea irakasten zaien arren, mutil batek arauak haustean positiboki baloratzen da (nahiz eta esplizituki ez den esaten eta hura zigortzen den) izaera aktibo eta sendo baten erreflexu delako. Neskak ondo portatzen direnean, aldiz, mantsotasun eta pertsonalitate faltaren seinale gisa hartzen da eta txarto portatzen direnean zorrotzago zigortzen zaie. Beraz, mutilek egiten duten guztia gehiago baloratzen da, nahiz eta nesken jokabidea gehienetan hezkuntza sistemak ofizialki ezarritakoarekin bat egiten duen. Nola erantzuten diete neskak diskriminazio honi? Haien jokabide pasiboa areagotzen da eta rol sekundarioa hartzen dute, gehiago ikasiz eta nota hobeagoak lortuz; arau hausteak ez dielako abantailarik suposatzen. Hortaz, bereizketa sexistak ez du nesken emaitza akademikoetan eragin negatiborik, bai ordea haien ibilbide profesionalean edo arlo publikoan, non zalantzatiagoak izango diren.


Hortaz, eskola mistoak ez du genero berdintasuna lortu, emakumeak gizonen munduan sartzea soilik saiatu delako, balore maskulinoak gailenduz. Koedukazioa ez da zentro bera konpartitzera mugatu behar, eskola ez sexista eraiki behar du. Horretarako, orain arte debaluaturiko ezagutza, gaitasun eta jarrera “femeninoak” bultzatu behar dira,  neskeei “mutilen” lanbidetan sartzera motibatu behar diegu, eta emakumeek haien buruarengan duten konfiantza sendotu, arlo publikoan parte hartze gehiago izan dezaten. Aurreko bost puntuekin erlazionaturiko bestelako neurri batzuk hauek izan ahal dira: emakumeen ekarpenak erakusten dituzten liburuak edota materialak erabili; zientzia eta teknologia ikuspegi sozialetik baloratzeko programak martxan jarri, emakumeek lanbide horiek hautatu ditzaten; eskolan osasuna, sexualitatea, etxeko eginkizunak eta harreman afektiboekin erlazionaturiko ezagutzak lantzea; eta zentroak profesionalen artean emakumeak kontuan hartuak izatera bultzatu.

Posiblea da hezkuntzan aldaketa hau burutzea? Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizartean oso errotuak dauden hainbat estereotipo eta jarrera diskriminatzaileak eragin ditu. Horien desagerpena gizartearen eraldaketa prozesu sakonaren ondorioz soilik emango da eta transformazio hura eskolatik hasi behar da, horretarako, eskolan umeei pentsamendu zein jokabide sexistak detektatzen eta zuzentzen lagundu behar zaielarik. Hezkuntzak ezin ditu desberdintasunak ezabatu, baina horiek murriztu ditzake eta berdintasuna lortzeko ezinbesteko elementua da.

Hona hemen hezkidetza bere Curriculumean integratu duen ikastetxe bat:




NONDIK GATOZ: ESKOLA BEREIZTUA ETA MISTOA



Gaur eguneko egoera aztertu baino lehen, emakumearen eboluzio sozialari buruzko ikuspegi zabala eskaintzea gustatuko litzaidake. Horretarako, prehistoriatik aro garaikidera arte bidai bat egingo dugu. Emakume eta gizonen rolak etengabeko aldaketak pairatu dituzte historia osoan zehar, rol horiek garai bakoitzeko eredu ekonomiko eta sinesmenekin estu lotuta zeudelarik.

Duela milioi bat urte, munduan gizarte biltzaileak ziren nagusi; gizonek ehizatzen zuten bitartean, emakumeek umeen zainketaz eta fruituak biltzeaz arduratzen ziren. Modu honetan, haien gaitasun fisikoen arabera lan rol ezberdinak ezarri ziren, baina estatus bera mantendu zuten. Aro neolitikoan, ordea, nekazaritzaren hedapenarekin batera sexuen polarizazioa eman zen. Alabaina, lurra tramankulu astunak erabiliz lantzen hasi ziren eta honek lan munduan emakumearen baztertzea suposatu zuen, ahurdun zegoelarik ezin baitzuen halako lanabesik maneiatu. Hau dela eta, haren betebeharrak umeak heztera mugatu ziren, gizonek herria defendatzeaz eta elikagaiak produzitzeaz arduratzen ziren bitartean. Horretaz gain, teknika berrien erabilpena beste iraultza bat ekarri zuen: gizonaren emantzipazioa. Izan ere, produktibitatea handitzean, gizonek ez zuten egun osoa lan egiten eman behar eta haien denbora librea kulturan eta erlijioan dedikatu zezaketen.

Gauzak halako gisan mantendu ziren Aro Modernora heldu arte. XVII. mende bukaeran, Industrializazioan, gizakiok lurra indar fisikoaren bidez lantzeari utzi genion eta makinen energiaz baliatu ginen natura eraldatzeko. Beraz, historian lehen aldiz, norberaren indarrak ez zuen bere botere kulturala determinatzen. Honi esker, feminismoa deituriko ideologia sortu zen. Emakumearen askatasunaren aldeko mugimendu honek aurre-pauso handiak eman zituen, hala nola, emakumeek botoa emateko eta haien buruaren jabe izateko eskubidea lortu zuten, lan munduan berriz sartu ziren…

Garai horretan, hain zuzen ere, hasi ziren emakumeak eskolara joaten. Aitzinean familia diruduneko neskek soilik  nolabaiteko heziketa (batez ere literatura eta artetan zentraturikoa, goi mailako topaketa sozialetan elkarrizketa interesgarriak mantentzeko gai izatera bideratuta) jaso ahal izan bazuten ere, eredu ekonomiko berriaren eraginez, klase xeheko neskak ere lanerako gaitasunetan hezteko beharrizana sortu zen. Modu honetan, idazten, irakurtzen eta zenbatzen ikasi behar zutela xedatu zen. Hala ere, eskolak bereiziak ziren eta biztanleriaren gehiengoa defendatutakoaren arabera, neskek kultura handirik ez zuten behar; horrek haren andregaia eta amaren funtzioetatik urrundu ahal zielako. Horregatik, legeak sexu bakoitzerako eskola eta hezkuntza bereiziak ezartzen zituen: nesken hezkuntza erlijioaren eta etxeko lanen inguruan zentratu behar zen eta ezin zuten erdi edo goi mailako ikasketak egin.


“La educación de las mujeres siempre debe de ser relativa a los hombres: agradarnos, sernos de utilidad, hacernos amarlas y estimarlas, educarnos cuando somos jóvenes y cuidarnos cuando somos adultos, aconsejarnos, consolarnos, hacer nuestras vidas fáciles y agradables”.
-Rousseau, "El Emilio"

XIX. mendearen amaieran, eskola mistoa defendatzen hasten da; emakumeak gizonen pareko hezkuntza jaso dezaten eta goi mailako ikasketak egin ahal ditzaten. AEBen eta hegoalde Europako herrialde protestantetan eskola mistoa lehenago ezartzen da. Gainerako herrialde katolikoetan, berriz, ez daude baliabide nahikorik hura ezartzeko edo oraindik ere oposizio handia jasotzen du. Beste alde batetik, emakumearen emantzipazioaren aldeko borrokak garai hartako korronte pedagogikoetan eragin handia du; burges liberalen Eskola Berriak, esate baterako, koedukazio proposatzen du berdintasunezko gizarte demokratikoa lortzeko. Eskola berritzaile horiek Espainiako Bigarren Errepublikako eskola mistoko aurrekariak izan ziren. Gerra Zibilaren ondoren, aldiz, eskola mistoak debekatu ziren eta Elizak, Falangearen Sekzio Femeninoarekin batera, hezkuntzaren ardurapena berriz hartu zuen. Honen eraginez, XVIII. mendeko hezkuntza eredura bueltatu ginen.



Diktaduraren azken urteetan, 1970ko lege berriak eskola mistoa onartu eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorra ezarri zuen, zeini esker itxurazko berdinketa lortu zen bi sexuen artean. Hala ere, gaur egun agerian geratu denez, neska eta mutilak espazio berean batzeak ez ditu gizarteko benetako arazoak konponduko eta horregatik, planteamendu berri bat ezarri behar dugu eskoletan: Hezkidetza.